Gaur aurkeztu du Xabier Amurizak ‘Zazpi ebidentzia birjaiotzarako’. Duela bi urteko liburuan jorratu zituen gaietako “arazo nagusietan” zentratu da.
2010ean kaleratu zenuen ‘Euskara batuaren bigarren jaiotza’ liburuak planteatutako gaiei heldu diezu?
Bai, liburu hartan lantzen nituenetatik inportanteenak iruditzen zaizkidan gaiei heldu diet. Laburtu eta zentratu egin gura izan dut Euskara batuaren bigarren jaiotza aurreko liburuan esandakoa. Ebidentziak dira honetan planteatzen ditudanak. Ni eta beste asko ebidentzia hauetara ailegatuta gaude, eta horiek aurkezten ditut. Nik ez diot euskaraz txarto idazten denik, baina bai askoz hobeto idatzi daitekeela.
Zeintzuk dira liburuan planteatzen dituzun zazpi ebidentzia horiek?
Esaldien luze-laburra; perpausaren ordena; erlatiboa; aditza; ondare komuna, lexikoa; esapideak eta esaerak; eta argota dira plazaratzen ditudan zazpi ebidentziok. Liburuko kapitulu bati izenburua ematen dio gai bakoitzak. Adibide ugari eta proposatzen ditudan gaiei buruzko hainbat irakurgai ere batu ditut liburu honetan: datorren urtean argitaratuko dudan 4 x 4 operazioa liburutik hartutakoak. ‘Saiateratura’ egin dut: saiakera eta literatura uztartu ditut.
Zer defendatzen duzu ebidentziokin?
Lehenengo ebidentziagaz, esaterako, euskarak, tresna bezala, gaitasun osoa eta normala eduki behar duela esaten dut: esaldi mota guztiak, labur zein luze, errazak zein konplexuak, nahiaren arabera josteko baliabideak behar ditugu. Inguruko hizkuntza guztien antzera. Aditzari buruz, ebidentea da erraztea, laburtzea eta sinpletzea komeni dela. Oso beharrezkoa da hori, izan ere, aditz horregaz ezin baita munduan ibili.
Asko insistitu duzu aditza laburtzeko beharrizan horretan.
Hori egiten ez badugu inork ez du erabiliko, ez osoan, ez laburrean. Laburtu egin behar dugu, eta pentsatu behar dugu hori zelan lortu. Aditz honen egituragaz ezinezkoa da inguruko hizkuntzekin konpetitzea komunikabideetako edo publizitateko hizkuntzan, esaterako. Aditza izaten da oztopo nagusia, titular bat edo kanta bat idazterakoan edo euskarara itzultzerakoan. Ezin dugu bide estu batean gurdi handi bategaz ibili, egokitu egin behar dugu.
Zaildu beharrean euskara errazteko proposamena da egiten duzuna?
Planteamendu faltsua da hori. Gaiaren konplexutasunaren arabera erregistro desberdinak behar ditugu. Errazean nahiz zailean, arazoa da, aditzaren luzeragaz beti marapilo bategaz egiten dugula topo.
Zure planteamendu horiek konpartitzen ez dituenik topatu duzu?
Badago horrela ikusten ez duen jenderik, noski. Hemen aurkezten ditudan zazpi ebidentziak mendi lerro bat legez dira, zazpi mendi punta. Ni alderdi batean nago, eta beste alderdian dagoenak ez du hau ikusten. Alderdi honetan dagoenak, euskara praktikoagaz dabilenak, ikusten du, baina oraindino batzuk mendian ere ez daude. Gai hauei buruzko eztabaida zabaltzea da nire helburuetako bat.
Eztabaida sortu zuten aurreko liburuan egiten zenituen planteamenduek?
Nik gura beste ez, egia esan. Euskaltzaindiak, esaterako, beste erritmo batean jarduten du. Lexiko kontuan, adibidez, inguruko hizkuntzak nahikoa aktualizatuta daude, baina gure Euskaltzaindiak lanak amaitu orduko... Arduratzekoa da gurean daukagun kriterio falta. Euskararen gainean gandu moduko bat dago, ez diguna uzten gora ateratzen.
Zer lanetan zabiz orain?
Joan ziren zikloko laugarren liburua amaitu dut, \'4 x 4 operazioa\' izenekoa argitaratuko dut datorren urtean. Herriz herri \'Zazpi ebidentzia birjaiotzarako\' liburu honen aurkezpenak eskainiko ditut orain, gai hauetaz berba egin gura dut.
“Zergatik hartu behar dugu beti formularik zailena?”, galdetzen du Amurizak. “Euskarak badauzka posibilitateak, baina onena aukeratzen asmatu behar dugu, ez zailena eta luzeena!”.
Gaztelerazko ambición berbaren itzulpena da Amurizak aurkeztu duen ebidentzia horren adibidea. Inguruko hizkuntza guztietan erro bereko berba erabiltzen da, baina euskaraz, anbizio berba ez onartzeagatik, sinonimo zerrenda bat ematen digu hiztegiak. “Beste guztiek onartzen dutenean, gu, UVIan dagoen hizkuntza batetik hasiko gara hori aldatzen?”, dio Amurizak.
Horrelako adibide zerrenda luze bat osatu du: 2.000 berbatik gora jaso ditu lau hizkuntzatan komunak direnak. “Ez gara ohartzen euskara ondare komun bateko partaide dela, eta horrek lexikoan eragina izan behar duela: euskara batuko hiztegiak, oraindik proportzio etsigarrian, zirriborro rustikoak besterik ez dira”. |