"Play off-a gatx dago, baina lorgarria da; oraindino esateko asko izan dezakegu"

Anboto 2012ko api. 1a, 08:56

Ligako azken txanpan sartuta, Durangoko Kulturaleko hamaikakoan finkoetakoa den Ander Pinillak orain arteko bidea eta aurrera begirakoa aztertzeko galderei patxadaz erantzun die, itxaropentsu baina ikuspegi errealistagaz

Ligako azken txanpan sartuta, Durangoko Kulturaleko hamaikakoan finkoetakoa den Ander Pinillak orain arteko bidea eta aurrera begirakoa aztertzeko galderei patxadaz erantzun die, itxaropentsu baina ikuspegi errealistagaz.

 \"\"

 

Aurtengoa bigarren denboraldia duzu Kulturalean. Hamaikakoan finkoetako bat zara eta iaz play off-a jokatu zenuen. 

Oso pozik nago. Futbol jokalari batek beti desio du ahalik eta mailarik gorenean jokatzea, baina Durangon orain arte bizi izan dudana handia izan da. Futbolari legez Kulturalean erretiratzea gustatuko litzaidake. Kluba  maila guztietan lan ona egiten ari dela iruditzen zait; harrobitik hasi eta nagusietaraino.

 

Taldearen ibilbideari dagokionez, azken urte biak oso onak izaten ari dira.

Taldea ondo ari da. Axierrek [Intxaurragak] beste filosofia bat  ezarri zion taldeari, baloiaren jabetzan eta konbinazioan oinarritua, eta Mikelek [Agirregomezkortak, gaur egungo entrenatzaileak] horri eutsi dio bere nortasun propioa txertatuz. Iaz emaitza oso onak eman zizkigun. Aurtengorako baja batzuk izan ditugu, baina, ligako tarte batzuk kenduta, sendo gabiltzala uste dut. Play off-etara sailkatzen bagara ederto, baina bestela ere denboraldia positiboki baloratzekoa izango da.

 

Kulturalaren jokamolde berria ezin hobeto datorkizu zuri.

Bai, txikitxoak modan ipini gara, ezta?
Txabi eta Iniesta Bartzelonan, Ander Pinilla Kulturalean.
(Barreak) Baina salto egin behar bada salto egiten dugu gero! Egia esanda, Kulturalaren gaurko jokamoldea oso ondo egokitzen da nire dohaietara.

 

Ligako azken txanpara sasoi betean heldu zarete; azkenengo zazpi partiduetan lau garaipen eta porrot bakarra.

Gaztea nintzenean beteranoei sarritan entzuten nien: “Azken hamar partiduak izaten dira garrantzitsuenak”. Eta egia da. Martxa honetan jarraituz gero, esateko asko izan dezakegu.

 

Play offak dira helburu?

Gure lehenengo helburua mailari eustea zen eta dagoeneko hori lortu dugu. Hemendik aurrera, ahalik goren amaitzea dugu helburu. Ikusiko dugu noraino heldu ahal garen.

 

Borroka latza dago goialdean. talde asko puntu gutxiren barruan.

Orain bost puntura dugu laugarren postua. Gorago dabiltzan taldeak beharbada ez dira gu bezain irregularrak izan eta orain abantaila dute. Hala ere, lehia estua dago; segidan bi partidu irabaziz gero, berriro borroka betean geundeke. Play off-a gatxa, baina lorgarria da.

 

Golik sartu duzu aurten?

Aurten ez. Iaz sartu nuen bat: ondoko sake bat atera eta zuzenean sareetara joan zen. Etxean beti esaten didate gehiago jaurtitzeko. Nire ustez, jokalari batek bere tokia zein den jakin behar du eta nik badakit zertan naizen hobea: jokoa banatzen.

 

Bartzelonako Txabik, esaterako, mentalitatea aldatu zuen eta golak sartzen dabil.

Hori ere egia da eta ados nago mentalizazioak duen garrantziagaz. Ba begira: liga amaitu bitartean gutxienez gol bat sartzen ahaleginduko naiz.

 

Play off-etarako sailkapena emango dizuena?

Horixe bera! (Barreak).

 

Ligaren hasieran, batez ere etxetik kanporako partiduetan, txartel gorri asko ikusi zenituzten. Zer gertatu zen?

Benetan bolada txarra eta arraroa izan zen. Baloiaren jabetza normalean gurea izaten dela kontuan hartuta, ez genuen ulertzen zelan amaitu genezakeen beti hamarrekin. Hirugarren mailan hamarregaz geratzea partidu erdia galdua izatea da. Nire ustez sarritan ez genuen merezi inor egoztea, baina epaileen lana ezin dugu kontrolatu eta, geurean zentratuz, autokritika egin genuen: lasaiago jokatu, tentuz ibili…

 

Errepasa dezagun zure kirol  ibilbidea. Berrizeko taldea izan zen zure lehenengo taldea.

Berriz futbol taldeko kategoria denetan jokatu nuen; haurtxoetatik hasi eta nagusietaraino. Hantxe hezi nintzen futbolari moduan. Gainera, ibilbide hartan igoera bi lortu genituen: gazteen mailan eta nagusietan, Maila gorenetik Ohorezko mailara.

 

Iaz Maila gorenera jaitsi ziren eta aurten ere larri dabiltza. Ez da Berrizentzat sasoirik onena.

Pena da. Ez dut ezagutzen barrutik zer gertatu den, baina ikusten da azken urteetan indarra galdu duela. Elorrio eta Iurretako, esaterako, Berrizen aurretik ipini dira. Ea ahalik eta arinen sasoi bateko maila berreskuratzen duten.

 

Imajinatzen duzu Elorrio Hirugarren mailan? Derbi interesgarriak izango lirateke.

Errugbian badago derbi hori eta lehia handia egoten da taldeen artean. Poztuko nintzateke futbolean ere emango balitz. Gainera, lagunak ditut Elorrion, Iban Munitis eta Raul Ramos, esaterako.

 

Berrizen Rikardo Txintxurretaren aginduetara egon zinen.

Halaxe da. Beragaz eman nuen gazteen mailatik talde nagusirako pausua. Nigan konfiantza jarri zuen eta partidu asko jokatu nituen.

 

Berriztik Elgoibarrera joan zinen 24 urte zenituela, Ohorezko mailatik Hirugarren mailara.

Erritmoaren aldetik  aldaketa handia somatu nuen. Gainera, ez nuen inor ezagutzen eta lehenengo urtea gogorra egin zitzaidan. Ondorengo urte biak zoragarriak izan ziren, play off-etarako sailkatzea lortu genuelako.

 

Elgoibarren hain ondo ibilita, zergatik erabaki zenuen Kulturalera etortzea?

Kulturalak bi denboraldiz segidan egin zidan eskaintza. Lehenengoan Elgoibarren geratzea erabaki nuen. Taldeari zor niola sentitzen nuen, Hirugarren mailan debutatzeko eta jokatzeko aukera eskaini zidatelako. Hurrengo denboraldian pozarren etorri nintzen Kulturalera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!