Denboraldi historikoaren atarian dago Abadiño

Anboto 2012ko mar. 17a, 08:40

Abadiñoko hiru xake taldeek igoera lortu ahal dute kluben arteko ligan; asteburuan jokatuko dute azkenengo jardunaldi erabakigarria

Abadiñoko hiru xake taldeek igoera lortu ahal dute kluben arteko ligan; asteburuan jokatuko dute azkenengo jardunaldi erabakigarria.

 

Abadiño xake taldea denboraldi gogoangarria borobiltzeko atarian dago. Dagoeneko lortu du igoera hirugarren taldeak. Maila gorenean ari den talde nagusiak ere eskura du lehen postua, asteburuan jokoan izango dituen lau puntuetatik bi batzea nahikoa baitu. Bigarren taldeak ere gertu du igoera, baina Larruzz liderrari puntu bateko aldea jan beharko dio.

 

“Sarralde anaiak taldera batu izanak kate-erreakzioa eragin du maila guztietan. Malgutasuna ekarri digute. Lehenengo mailan genbiltzan xakelari batzuk bigarrenean aritzeko aukera izan dugu eta berdin gertatu da Bigarren eta Hirugarren mailekin ere”, azaldu du Ibon Martin xakelariak.

 

Talde nagusiak igoera lortzen badu, euskal ligara itzuliko lirateke. Iaz ere lehen postuan amaitu arren, nahiago izan zuten igoerari muzin egin, erantzukizun handia eskatzen duelako: “Aurten talde zabalagoa dugu, beharrizanetarako baditugu ordezko xakelariak eta euskal ligari berriro aurre egiteko gogoz gaude”.

 

Elorrioko Zaldi Baltzaren talde nagusiak ere meritu handiko denboraldia osatuko du. Iaz Maila gorenera igota, aurten bertan geratzea zuten helburu eta ez sufritzeaz gainera, aurreko postuetan ibiltzea lortu dute. Zaldi Baltza B, aldiz, estu dabil maila bat beherago: puntu erdira dute salbazioa.

 

Zaldi Baltza Bren maila berean, ostera, Larrasoloetak bere esku du mailari eustea. Asteburuan azken sailkatuaren aurka jokatuko dute eta puntu bateko aldea dute jaitsiera postuekiko. Larrasoloeta Bk, aldiz, berea irabazi eta besteek zer egin zain egon beharko du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!