Berrizen batuko dira aurten Durangaldeko txistulariak

Anboto 2012ko mar. 15a, 08:30

Etzirako antolatu dute Durangaldeko Txistulari eguna, eta aurten Berrizen izango da. Antolatzaileen berbetan, \"musikarekin gozatzeko eta ondo pasatzeko\" eguna izango da domekakoa. Guztira, Durangaldeko 40 txistulari batuko dira, baina baita jende gehiago ere

Etzirako antolatu dute Durangaldeko Txistulari eguna, eta aurten Berrizen izango da. Antolatzaileen berbetan, “musikarekin gozatzeko eta ondo pasatzeko” eguna izango da domekakoa. Guztira, Durangaldeko 40 txistulari batuko dira, baina baita jende gehiago ere.

 


Horretarako, 11:00etan, kalejira bategaz ekingo diote “txistularien jaiari”. Berrizko Amezuatarren kalejira eta Balentin Lasuen berriztarraren Hiru txisturako piezak joko dituzte, herrian zehar. Herriko txistulari guztiak gonbidatu dituzte, egun horretan, 12:00etan, familia argazkia egitera.

 


Mallabiako Mendibil abesbatzeko Iratxe Uribelarreak eta Eleder Iturrieta txistulari durangarrak zuzenduta, kontzertua eskainiko dute 50etik gora musikari eta abeslarik, 13:00etan, San Juan Ebanjelari elizan. Durangaldeko txistulariak, Mallabiako Mendibil abesbatza, Igone Amesti abeslaria, metal instrumentuak jotzen dituzten musikariak, eta Iremiñe dantza taldeko lau dantzari elkarlanean arituko dira emanaldian.

 


Kontzertuaren ostean, German eta Jon Aldekoa anaien txistu doinuek lagunduta, Erregelak dantzatuko dute Xabier Etxeita eta Josu Azpitartek.

 


Txisturako tradizio handiko herria da, jaialdiren aurkezpenean azaldu dutenez, Berriz. San Jose egunaren bueltan antolatzen dute orain 57 urtetik Durangaldeko txistulari eguna. Juan Lasuen zaldibartarraren ekimenez, 1956 urtean, antolatu zuten, eguazteneko Berrizko udaletxeko aurkezpenean azaldu dutenez, Durangaldeko txistulari eguna, lehenengoz: hamar txistulari batu ziren Abadiñon egin zuten lehenengo ekitaldi hartan.

 


Zapatuan, Elorrion

Bete-betea dute Durangaldeko txistulariek astebururako agenda: Berrizko hitzordu jendetsuaz aparte, Euskal Herriko txistulari elkartearen urteko asanblada ere izango dute bihar, zapatuan, Elorrion. Gainera, kalejira eta bazkaria ere egingo dute elkarregaz.

 

 

 

 

“Urtero saiatzen gara kontzertuan nobedaderen bat eskaintzen”

 

\"\"
Iratxe Uribelarreagaz batera zuzendu du Eleder Iturrieta txistulari durangarrak domekako kontzertua: kanta ezagunak eta berriztarren sorkuntzak joko dituzte 

 

 

Zer parte hartze izan duzu domekako egitaraua osatzeko?

Mallabiko Mendibil abesbatzeko Iratxe Uribelarreagaz batera zuzenduko dut emanaldia. Iaz ere jardun nuen Txistulari eguneko kontzertua zuzentzen.

 

Zelako emanaldia izango da?

Kontzertu entzungarria antolatzen saiatu gara, eta kanta ezagunak ere joko ditugu. Aurten hitzordua Berrizen denez, Alejandro Aldekoa berriztarrak jasotako fandangoa eta arin-arina joko ditugu, esaterako. Kalejiran, Balentin Lasuen berriztarraren Hiru biribilketa ere joko dugu. Iremiñe taldeko dantzariek ere hartuko dute, gainera, emanaldian parte.

 

Denbora daramazue, beraz, domekakoa antolatzen.

Edizio bat amaitzen denean, laster, hasten gara normalean hurrengoa pentsatzen. Honetan, Berrizko txistulariek lagundu gaituzte kontzertua nondik nora antolatu pentsatzen.

 

Urte asko daramazu txistulari egunean parte hartzen?

Urte asko dira, bai. Zortzi urtegaz hasi nintzen jotzen, eta hamabi-hamahirugaz hasiko nintzen txistulari egunean parte hartzen.

 

Berezia izaten da Durangaldeko txistularien eguna zuentzat?

Bai, oso. Urte guztian ikusten ez dituzun txistulariak ikusteko aitzakia izaten da. Urteko egunik politena izaten da guretzat.
 

Zelan erantzuten du publikoak?

Gero eta jende gehiago gerturatzen dela ohartu gara azken urteetan. Urtero saiatzen gara kontzertuan nobedaderen bat eskaintzen: emanaldian gaur egungo abestiren bat eta txistulari eguna hartuko duen herriko berezitasunen bat ere sartzeko ahalegina egiten dugu beti.  I.Esteban

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!