"Josten dutenek ulertzen dute ondoen nire lana"

Anboto 2012ko ots. 29a, 08:51
Azken bi asteetan erakusketa ipini du Josu Balzategik Berrizko Kultur Etxean, iltzez eta hariz osatutako koadroekin. Hurretik ikusi barik ezin daiteke baloratu bere esfortzua. Lepoko eta hanketako minengatik beharra utzi behar izan zuen; hatzamar batzuk ere falta zaizkio

Azken bi asteetan erakusketa ipini du Josu Balzategik Berrizko Kultur Etxean, iltzez eta hariz osatutako koadroekin. Hurretik ikusi barik ezin daiteke baloratu bere esfortzua. Lepoko eta hanketako minengatik beharra utzi behar izan zuen; hatzamar batzuk ere falta zaizkio

 

Zer prozedura da koadroak egiteko jarraitzen duzuna?

Lehenengo, buruan egiten dut irudia. Gero marraztu egiten dut, iltze bakoitza non joan behar den zehaztuz eta neurriak kokatuz. Iltzeak sartzen ditut ondoren, guztiak aldi berean. Amaitzeko, haria ondo tenkatua dagoela, ttipi-ttapa, batetik bestera txirikordatzen joaten naiz. Kosta egiten da, eta lasai ibili behar duzu. Iltze bat txarto sartzen baduzu, egurra zulatzen da, eta ateraz gero hutsunea geratzen da hari artean. Ordutik aurrera ez du balio egindakoak. Josten ibiltzen direnek ulertzen dute ondo nire lana.

 

\"\"Nondik datorkizu afizio horretarako grina?

Soldaduskako kide bati ikusi nion egiten. Niri beti gustatu izan zaizkit eskulanak, eta esan nuen: “Hau nik egin behar joat!”. Horrela hasi nintzen, eta beharrean hasitakoan utzi egin nuen, honek ordu asko eskatzen ditu-eta. Orain, lanik egin ezin dudanez, denbora asko ematen dut honetan.

 

Zenbat ordu ematen duzu, bada, halako lan bat sortzen?

Erakusketan ipini dudan batek 320 ordu dauzka, adibidez. Baina ez dira kobratzen. Materiala eta sartutako orduekin 4.000 eurotan saldu beharko nuke; prezioan beherantz jotzen dut salgai ipintzerakoan.

 

Ingurukoak-eta pasatuko ziren zure erakusketatik...

Bai. Guztiak harrituta geratu dira. Nik neuk ere sekulako poza hartzen dut amaituta ikustean. Hau egiteko kapaz naizela ikustea polita da. Kalean ere lehenago erakutsiak dauzkat lanak, jaietako artisauen azokan.

 

Kultur Etxean eskegitako koadro asko banderak dira. Zergatik?

Bilbokoa hemen gaudelako, eta ikurrina geurea delako. Galiziakoa lagun bat daukadalako, eta saltzen ez badut oparitu egingo diot.Errumaniakoa pertsona batek eskatuta egin dut. Kantabriakoa alboan dagoelako egin dut, eta Extremadurakoa bi koinatu dauzkadalako hangoak. Beste bat iloba bati emango diot, ezkondu egingo da-eta. Berrizkoa alkateak bultzatuta egin nuen. Durangokoa ez dut egin, ez daukatelako banderarik.
 

Zer ekarpen egiten dizu afizio horrek?

Denborapasa legez hartzen dut. Minengatik, gehienez hiru-lau ordu egiten ditut lo egunean. Beraz, beste 20 ordu geratzen zaizkit nonbait emateko, eta tabernan ezin da. Etxean ere ez, telebista ikusten. Horrela hasi nintzen eta azkenerako berotu egin naiz, asko eta asko eginez.

 

Ideia berriren bat ere edukiko duzu buruan...

Beti nabil gauza berrietan fijatzen. Orain Realaren ezkutua egiten nabil, enkarguz. Sekula ez dut landu ezkuturik, baina animatu egin naute. Athleticena buruan daukat, hurrengoa izango da-eta. Ez da erraza, baina egingo dut, zelan edo halan.

 

Berez gipuzkoarra zara. Zer moduz bizi zara Berrizen?

Oso herri lasaia da, baita dotorea ere. Herri txikia da, eta niretzat primeran dago, horrelakoak gustatzen zaizkit-eta herriak.

 

Zure lanak herrian erakustea ederra izango da...

Itzelezkoa da niretzat, bai Berrizen bai Zumarragan. Nire sorterrian Santa Luzietako ferian egon nintzen koadroekin. Bateren batek aspaldi hartutako koadro batez berba egiteak poztu egiten nau.

 

Zenbat ordu sartzen dituzu egunean?

Egunaren arabera izaten da, baina hasi eta berotu izan naizen batzuetan 20 ordura ere heldu naiz. Beste batzuetan, egunez iltzeak sartu izan ditut, eta gauez haria lotu, lo ezin egina aprobetxatzeko. Gogoa beharrezkoa da afizio honetan jarduteko, baita pazientzia eta lasaitasun handia ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!