'The Full Monty' hirugarrenez ikusgai, gaur Berrizen

Anboto 2012ko ots. 19a, 08:57

Gaur hirugarrenez eskainiko du Txintxaun Kolektiboak abenduan estreinatu zuen \'The Full Monty\', Berrizen. Sarrera guztiak saldu dituzte berriro

Gaur hirugarrenez eskainiko du Txintxaun Kolektiboak abenduan estreinatu zuen The Full Monty, Berrizen. Sarrera guztiak saldu dituzte berriro. 

 

Bi bider eskaini dute The Full Monty filmean oinarrituta sortutako antzezlana Txintxaun taldekoek: abenduan estreinatu zutenean eta Berrizko San Antonio jaietan. Gaur, 18:30ean hasita, hirugarrenez eskainiko dute antzezlana, Berrizko kultur etxean. Sarrerak agortuta, Kultur Etxea bete-bete egingo da hirugarren aldi honetan ere.

 

Jende asko, lagun asko izan zuten emanaldi bi haietan ikusle, eta Martinez-Alcocer zuzendariaren berbetan, komedia dramatikoa izan arren, “batez ere, barre  egin zuten aurreko emanaldi bi haietara etorri zirenek”.

 

Berrizko Kultur Etxean abenduan eta urtarrilean eskainitako emanaldien ondoren, obra “sasoi latzetarako terapia ona” dela aipatu ei diete ikusleek taldekideei. 

 

Taldekideen berbetan, “hasieratik amaierara arte eszenan hamar antzezle dituen erritmo biziko” obra da azken urtean prestatu duten The Full Monty.

 

Krisi egoera baten aurrean irtenbide kreatiboa bilatzeari buruz Peter Cattaneok 1997an zuzenduriko filmaren antzerkirako moldaketa, obraren zuzendaritza lanetan jardun duen Rosa Martinez-Alcocerrek egina da.
Besteak beste, bideoa eta koreografiak uztartzen dituen ikuskizun “konplexua” da The Full Monty: “Ikusleen eta gure imajinazioagaz lortzen dugu zailtasunak gainditzea”, dio zuzendariak.

 

Abenduan eta urtarrilean eskaini zituzten The Full Monty lanaren emanaldietan, salgai ipini eta berehalakoan saldu zituzten sarrera guztiak. Berdin gertatu da domeka honetan izango den emanaldiarako.
Datozen hileetan, Durangaldeko beste areto batzuk ere betetzeko asmo sendoa daukate Txintxaun Kolektibokoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!