Olaizola eta Beroizen kontrako lehia bakarrik galdu dute; etzi Titin III-Merino dituzte arerio.
Binakako txapelketako sailkapenaren buruan Olaizola- Beroiz eta Irujo-Barriola bikoteak egotea ez da sorpresa, baina ligako oilarrei hirugarren bikote bat batu zaie lehia horretan. Berasaluze VIII.ak eta Albisuk bost partidatik lau irabazi dituzte. Irujok eta Barriolak legez, Olaizola eta Beroizen kontrako partida bakarrik galdu dute. Hain zuzen ere, orain arte partida bakarra galdu duten bikote bi horiek otsaileko lehenengo asteburuan neurtuko dituzte indarrak.
Bitartean, gaur, seigarren jardunaldiari dagokion partida jokatuko dute berriztarrak eta ataundarrak Titin III.a eta Merino II.aren aurka. Norgehiagoka hori Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko dute.