Gaur Berrizko II. Ziklo-kros Sari Nagusia proba lehiatuko dute, eta bihar mendi bizikleta ibilaldia egingo dute Oizko inguruetan.
Berrizko Ziklo-kros Sari Nagusia iaz berreskuratu zuten (1991n antolatu zuten azkenekoz), eta jasota harrera onak aurten berriro prestatzera animatu ditu antolatzaileak. Lasterketa zapatuan 10:00etan hasiko dute.
Munduko Ziklo-kros Kopako proba ere egun berean denez, elite eta 23 urtez azpiko kategorietan baliteke izen garrantzitsu batzuk falta izatea, baina Berriz Bizikletari elkarteko presidente Alex Duranen hitzetan “horrelako lasterketak garrantzitsuak izaten dira kadete eta gazte mailako txirrindularientzat”. Hala ere, Aitor Hernández, Naia Alzola eta Jonathan Lastra lako txirrindulariak batuko dira Berrizen.
Probak nobedade bi ditu aurten. Berrizburu eta Iremiñe inguruetan osatu duten kilometro bi eta erdiko zirkuituak futbol zelaiaren parean izango ditu irteera eta helmuga, eta ez belodromoan iaz legez. Bestalde, iazko parte-hartzaileen iritziak kontuan hartuz, leundu egin dute zirkuituaren zailtasun maila.
Probaren aurkezpenean Agus Ruiz Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidenteak nabarmendu zuenez, “Bizkaiak dauka ziklo-kroseko egutegirik konpletoena; bederatzi proba, guztira”.
Mendi bizikleta martxa
Domekan 10:00etan hasiko da mendi bizikleta martxa. Iñaki Lejarretak diseinatutako hiru ibilbide egongo dira aukeran: 23, 29 eta 35 kilometrokoak. Irteera eta helmuga Berrizko tren geltokian egongo dira, eta ibilbideak Oiz mendiko parajeetan zehar eramango ditu parte-hartzaileak.
Izen-ematea doakoa da. Iaz 600 parte-hartzaile izan zituen bizikleta martxak, eta jende kopuru horri aurre egiteko Eitua poligonoan aparkalekuak egokituko dituzte.