Txintxaun-en 'The Full Monty' filmaren antzokirako moldaketa

Anboto 2011ko abe. 16a, 08:53

\'Hasieratik amaierara arte eszenan hamar antzezle dituen erritmo biziko obra\' da zapatuan, abenduaren 17an, Txintxaun Kolektiboak Berrizko Kultur Etxean estreinatuko duena.

\"\"“Hasieratik amaierara arte eszenan hamar antzezle dituen erritmo biziko obra” da zapatuan, abenduaren 17an, Txintxaun Kolektiboak Berrizko Kultur Etxean estreinatuko duena.

 

 Berrizko Kultur Etxean estreinatuko du Txintxaun Kolektiboa taldeak azken urtean prestatzen jardun duen The Full Monty antzezlana. Aste hasierarako salduak zeuzkaten sarrera guztiak, eta datozen hileetan beste bitan eskainiko dute: urtarrilaren 15ean eta oraindik zehaztu barik daukaten hirugarren emanaldi batean.

 

“Su geldoan egositako lana da”, azaldu digu obra atontzen diharduen Rosa Martinez-Alcocer zuzendariak. Obra ontzen urtebete daramate, eta “estreinatzeko gogoz” omen daude.

 

Bizi dugun krisi ekonomiko garai honetarako gai oso aproposari buruzko lana moldatu dute: “Orain hiru urte inguru, lehenengo LEEak, langabezia, etab. hasi ziren Txintxaun-eko taldekideak ere pairatzen”, esan digu zuzendariak. “Lana bilatu edo ikasketak berrartu beharrak antzerki taldetik aldentzera eraman zituen batzuk”, zehaztu digu. “Guztiok hasi ginen langabeziaren errealitate hori gure azalean edo oso gertu bizitzen, eta horrela pentsatu genuen antzerki obra batean arazo horretaz jardutea”.

 

Krisi egoera baten aurrean irtenbide kreatiboa bilatzeari buruzko The Full Monty filma antzerkira ekartzea erabaki zuten. Zailtasunak asko izan arren, krisi egoera batean antzerkia egiten jarraitzen dutenek ondo baitakite ametsen bila borrokatzen.

 

Hamar antzezlek hartzen dute The Full Monty filmaren Martinez-Alcocerren antzerkirako moldaketa honetan parte, eta Nerea Lodosa koreografoaren eta Oihane Lejarreta eszenografoaren kolaborazioa eduki dute, besteak beste.

Bideoa, koreografiak, etab. uztartzen dituen ikuskizun “konplexua” da The Full Monty: “Ikusleen eta gure imajinazioagaz lortzen dugu zailtasun horiek gainditzea”, dio zuzendariak.

 

“Beti aurrera egitea da Txintxaunen eredua”, diosku zuzendariak, eta horretan diraute, biharko antzerki obra baten estreinaldia prestatuz. Azaldu digutenez, taldea autogestionatua izan arren behar dute kanpoko babesa, baina Martinez-Alcocer zuzendariak dioenez, “azken hiru urteetan eskasa izan da Berrizko Udalarengandik jaso dugun laguntza”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!