Martxoan kaleratu zuten ‘La ceremonia de la confusión’ bigarren diskoaren aurkezpen kontzertua da Shinova Durangaldeko taldekoek horrenbesteko mimoagaz prestatu dutena. Azaroaren 25ean, Plateruenean da zita
Azaroaren 25ekoa ez da Plateruenean joko duzuen lehenengoa.
Ez, lehenengo diskoa ere, Latidos, bertan aurkeztu genuen. Areto oso aproposa da, eta gure lagun eta familiakoen gertukoa delako, lagun asko hurreratuko da. Gogo handia daukagu etxean jotzeko.
Zelan gnbidatuko zenuteke jendea kontzertura?
Taldearen zale den jendeak ez dezala zalantzarik egin, ez da-eta damutuko. Eta ezagutzen ez gaituztenek eman diezagutela aukera bat. Ez da kontzertu bat gehiago izango, berezia izango da.
Diskoa Berrizen grabatu zenuten, baina nahasketak Madrilen eta masterizazioa Finlandian egin duzue. Zergatik aukera hori?
Arrazoietako bat izan daiteke, gure soinu erreferentziak gehiago daudela hemendik kanpo. Gainera, taldekide guztiok jo dugu aurretik beste talde batzuetan, eta hemen zelan lan egiten den ezagutzen genuen. Hemendik kanpora proba egiteko gogoa geneukan.
Diskoa aurkezteko kontzertuei ekin gura diezue orain.
Diskoaren lehenengo kontzertua Madrilen jo ondoren, taldekide aldaketa eduki genuen, eta udan ez dugu kontzerturik eskaini.
Hemendik kanpora dago egiten duzuena lako musikarentzako zirkuitu zabalagoa?
Bai, izan liteke. Kanarietan, Madrilen eta abar hainbat aldiz jo dugu, eta harrera oso beroa egin digute. Oso esperientzia aberasgarria izaten da hor zehar ibiltzea. Urtarrilean berriro goaz Madrilera.
Zergatik erabaki zenuten diskoa Interneten deskargatzeko moduan eskaintzea?
Diskogintzan gauzak zelan dauden ikusita eta jakinda ez genituela gauzak atzeratu gura, onena zela pentsatu genuen; geuk egin eta prozesua geuk kontrolatzea zela egokiena erabaki genuen. Lehenengo astean diskoaren bi mila deskarga burutu zituzten. Paypal donazioen aukera ere eskaini genuen, eta harritu egin gaitu jendearen erantzunak. Gero, jendeak eskatu duelako eta geuk ere diskoan edukitzea gura genuelako, disko fisikoa ere fabrikatu genuen.
2008an hasi zinetenetik, zelako eboluzioa bizi izan du taldeak?
Etenbako eboluzioa izan da talde honena; apurka joan dira aukerak eta ideiak sortzen. Musikaren eta kulturaren arloa dagoen moduan egonda, gauza asko egin dugula esan daiteke. Soinu banda osatu dug, orain, esaterako, Freaklance izeneko animazioko sailerako. Pertsonaia moduan ere agertuko gara bertan.
Zelan egiten duzue lan?
Gaur egun etxean grabazioak egin ahal izateko dauden erraztasunekin, normalean, taldekide batek etxean egindakoa ekartzen du. Ideiak bakarka sortzen dira, eta elkarrekin garatzen ditugu gero. Letrak, batez ere, Gabrik sortzen ditu: berak kantatu eta sentitzen ditu. Bide gaitzagoa da autoekoizpena, baina askoz ere betegarriagoa ere bai.
“Taldekide izan ditugunek eta beste hainbat lagunek
Sorpresarik zapuztu barik, baina azaroaren 25eko kontzertu horretarako hain berezi egingo duen zer prestatu duten galdetu diegu Shinova boskotekoei. “Gure bigarren diskoaren aurkezpen ofiziala delako izango da kontzertu berezia”, esan digute: “Berezia izango da, besteak beste, taldekide izandako lagunek parte hartuko dutelako, eta beste talde batzuetako lagunek ere kolaboratuko dutelako”. Tenpel talde madrildarreko abeslaria eta lehenengo diskoan biolina grabatu zuen musikaria ere izango dira Plateruenean. Ikus-entzunezko lanak ekoizten dituzten Durango eta Elorrioko sortzaileek osaturiko Summum Kolektibokoek irudiak proiektatuko dituzte, gainera, azaroaren 25eko Platerueneko kontzertuan: kanta bakoitzari hiru dimentsiotako irudiak ipiniko dizkiote, eta kontzerturako performance-a ere prestatu dute lagun dantzari bik. “Plateruenean jotzea guretzat berezia izango da, seguru”, diote Shinovakoek entsegu lokalean eurekin batu garenean. Ilusio handiagaz itxaroten dute eguna. Gero, ahal duten guztia jotzea da gura duten: “Orain arte bezala, talde aktiboa izatea; bidean aurrera egitea”. |