Atzamar bitan ez du odol zirkulaziorik eta bariku honetan egingo diote ebakuntza Donostiako poliklinikan: “Binakakoa hortxe egonda pena handia da, baina orain ondo errekuperatzea da garrantzitsuena”, dio.
Esku bateko hatz bitan ( hatz luzean eta erakuslean) ez du zirkulaziorik Ibai Zabala pilotariak eta hainbat proba egin ondoren, medikuaren gomendioz, ebakuntza egitea erabaki du. Bariku arratsaldean (17:00 inguruan) sartuko da Donostiako Poliklinikako kirofanora. Ander Letamendia medikuak operatuko du: “Aurretik beste ebakuntza bi izan ditut eta orduko haietan besoa bakarrik lokartu zidaten, baina oraingoan medikuak dio gurago duela anestesia orokorragaz operatu”, adierazi du berriztarrak.
Orain hiru bat aste etorri zitzaion mina. Tratamendu bat hasi zuen orduan: pirula batzuen bidez odol-hodiak zabaltzen saiatu zen, “baina alperrik, ez zuen esperotako emaitzarik eman; atzamar bi horiek hotz ditut askotan eta zuri beti”. Hasieran minari eutsi ziezaiokeen pilotan ari zela, baina "orain pilota jotzerakoan min handia dut".
Animo aldetik “baju samar” dagoela onartu du, batez ere binakako txapelketa ate joka dagoelako: “Aurten txapelketa luzea izango denez, arinago hasiko da abenduaren erdialdera. Medikuak dio hile bi inguru iraungo duela errekuperazioak, beraz ezingo dut jokatu. Pena da jokatzeko aukerak nituelako. Titular moduan ez bada ere, beti dago ordezko moduan jokatzeko modua. Baina orain behinena lesiotik ondo errekuperatzea da eta horretara bideratuko ditut ahaleginak”.