Gaur, Eskoriatzako Inkernu tabernan egingo dute Xarma taldekoek bigarren diskoaren aurkezpena. Kanta berriak ez eze, pare bat kanta zahar ere joko dituzte kontzertu horretan.
Laukote legez baina bateria-jotzaile berriagaz jardungo dute hemendik aurrerako lotuta dauzkaten kontzertuetan Berriz eta Ondarroako Xarmako musikariek: aurretik, besteak beste, Keike taldean aritutakoa den Denis Alberdi sartu da orain arte taldean jardun duen Froufe berriztarraren ordez. Uztaileko azkeneko asteetan sartu zen Denis, baina Froufek grabatu du bateria.
Bi astetan egin zuten, abuztu amaieran, Danbaka maketa lehiaketaren saritzat jaso zuten disko grabazioa, Arrasateko Shot estudioan. Bigarren diskoa du Karenka, 2010ean kaleratu zuenaren ondoren, Xarmak.
Lehenengo diskoagaz alderatuta, honetan, taldearen eta kanten nortasuna zehaztuagoa dela azpimarratu dute taldekideek. Danbaka maketa lehiaketa irabazi zutenetik sorturiko dozena bat kanta bildu dituzte disko honetan. Doinu gogorragoak eta azkarragoak osatu dituzte, eta letrei dagokienez, gai sozialak eta politikoak uztartzen dituzte.
Gaur hasi eta abendura arte, disko berria aurkezteko hainbat hitzordu dauzkate lotuta: ikasle egunean, Billabonan joko dute, esaterako, azaroaren 5ean. Izan ere, Xarmak sorturikoa da Ikasle Egunerako kanta.
Durangaldean, abenduaren 3an, Mallabiko Herrikoan, eta abenduaren 4an, Durangoko Azokako Ahotsenean joko dute. Intxorta 1937 kultur elkarteak Durangoko azokan kaleratuko duen kanta bildumarako Ixiltasun hautsia izeneko kanta ere egin du Xarmak.
Orain aste bitik dauka taldeak www.xarmamusika.com webgunea ere Interneten: ahalik eta jende gehienarengana zabaldu gura dute Ondarroa eta Berrizko musikariek euren lana. Datozen asteetako kontzertuetan ere salgai egongo da diskoa.