Ohorezko mailatik jaitsita, jokalari bik bakarrik jarraitzen dute; Zalduak eta Iurretakok ere maila berria estreinatuko dute.
Goren maila inoiz baino gehiago izango dugu berbagai aurten. Berriz ohorezko mailatik jaitsi zen iaz, eta Iurretakok eta Zalduak, aldiz, igoera lortu zuten. Beraz, aurten sarritan egokituko dira Durangaldeko derbiak goren mailan.
Aurten Berrizburu zelaira etorriko diren taldeak arrotzak izango dira Berrizko zaleentzat. Luzaroan ohorezko mailan jokatu ondoren, maila galdu izanak taldea goitik behera berritzea ekarri du. Iaztik jokalari bik bakarrik jarraitzen dute: Cristian Ramos eta Borja Rekaldek. Gainerako jokalari guztiak berriak dira. Horietako batzuek, hain zuzen ere, Iurretakon eta Zalduan jokatuko dute aurten.
Jakina zen taldea maila berrira egokitu beharko zutela, eta horrek ez du harritu Michael Gonzalez (28 urte, Ermua) entrenatzailea. Berak ere estreinako urtea du Berrizko aulkian. Orain arte Ermuko gazte eta kadeteen taldeak zuzentzen lagundu du, eta Eibarko futbol eskolaren kargu ere egon da. Taldeak osatu duen aurredenboraldiagaz “oso gustura” dago: “Emaitza denak ez dira onak izan, baina nire helburua denei jokatzeko aukera ematea zen. Hasieratik hona taldearen garapen handia somatu dut, eta alde horretatik pozik nago”. Asteburuan Loiuren kontra ekingo diote denboraldiari.
Iurretako eta Zaldua
Iurretakok ere etxetik kanpora hasiko du denboraldia, Basurtoren kontra. Iaz denboraldi gogoangarria osatu zuen, eta apirilerako, liga amaitzeko bost jardunaldi geratzen zirela, igoera ziurtatuta zeukaten.
Zalduak gehitxoago itxaron behar izan zuen igoera ospatzeko. Maiatzean segurtatu zuten goren mailan jokatzeko eskubidea, etxean Gatika B 1-0 menderatu zutenean. Zapatuan, 18:00etan, Begoñaren kontra jokatuko dute Solobarrian.