Mountain-bike modalitateko Munduko Txapelketan lehiatu du Iñaki Lejarreta berriztarrak asteburuan Suitzako Champery herrian eta 14. sailkatu da.
Beretzako zirkuitu aproposa ez zen arren, emaitza oso ona lortu du Iñaki Lejarretak (Orbea Racing). Aurreikuspenak ez ziren baikorregiak; alde batetik nekatuta heldu da denboraldi amaierara eta, bestetik, zirkutua ez zen bere dohaietarako egokiena. Hala ere, Lejerreta sasoiko aurkitu da eta lasterketa bikaina osatu du: “Pozik nago, lasterketa ona egin dudalako niretzako okerrena zen zirkuituan eta baldintza eskasetan gainera; euria, lokatza, sustraiak zoruan…” adierazi du bere twitterrean.
Lasterketa Txekiar Errepublikako Jaroslav Kulhavy-k irabazi du (1.44.30); Nino Schurter suitzarra izan da bigarrena (47 segundora) eta Julien Absalon hirugarrena (1.26ra). Jose Antonio Hermida laugarren geratu da. Lejarretak irabazleak baino 5 minutu eta 22 segundo gehiago behar izan ditu lasterketa osatzeko.