Munduko Txapelketan parte hartuko du zapatuan Lejarretak

Anboto 2011ko abu. 30a, 11:54

Suitzako Champery herrian jokatuko da proba; zirkuitu teknikoa ez da aproposa Lejarretaren dohaietarako.

Suitzako Champery herrian jokatuko da proba; zirkuitu teknikoa ez da aproposa Lejarretaren dohaietarako.


Iñaki Lejarretak (Orbea Team) Suitzako Chambery herrian jokatuko den munduko txapelketan parte hartuko du zapatuan. Horixe izango du denboraldiko azkenengo hitzordua. Ondoren, atsedena hartzeaz batera, 2011ko Londresko joko olinpikoetan egoteko prestaketa planifikatzen hasiko da.

Zapaturako prestatu duten zirkuitua ez da aproposa Lejarretaren dohaientzako; fisikoa beharrean teknikoa da gehienbat. Lejarreta sasoian doa Suitzara, baina ez du helbururik finkatu: “Aurreko aldietan beti izaten nuen begiz jota posturen bat. Aurten ez. Ez diot nuere buruari alperreko presiorik sartu nahi. Ahal dudan goren amaitzen saiatuko naiz”.


Denboraldiaren balorazio ona egiten du Lejarretak, nahiz eta azken txanpara justu samar heldu dela aitortzen duen. Urtea indartsu hasi zuen Munduko Kopan postu interesgarriak lortuz. Portugalgo Kopa ere irabazi zuen Hermida eta Ruzafa lako goi mailako txirrindularien aurretik. Baina une hartako errendimenduari ezin izan dio eutsi. Penarik handiena AEBetako Munduko Kopako lasterketagaz hartu du. Beretzako egokia zen zirkuito teknikoari ezin izan zion etekinik atera: “Gaixorik aurkitu nintzen eta ezin izan nuen neurerik eman”. Lehenengo hamarretan sartzea zuen helburua eta azkenean 24. amaitu zuen.


Joko olinpikoak


Aurten ziklo kros proba batzutan ere parte hartu du aspaldiko partez. Denboraldi amaierara nekatuta heldu izanaren arrazoietako bat horixe izan daiteke. Baina alde batetik galdu duena bestetik irabazi du: “Irteerak entrenatzeko balio izan dit eta asko ikasi dudala uste dut”.


2012ko abuztuan Londresen joko olinpikoak izango dira eta hitzordu hori begiz jota du Lejarretak. Sei txirrindulari daude Espainiako selekzioko aurretiko hautaketan eta hiruk bakarrik lortuko dute txartela. Pekingo joko olinpikoetan ere parte hartu zuen 2008an.

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!