Zapatuan, Oizpe Txapelketako finalak jokatu zituzten. Nagusien mailan, Asier Berasaluze izan zen garaile; txapela etxean geratu zen, beraz.
Finalean 22-17ko markagailuagaz irabazi zion Ander Antxia abadiñarrari. Berriztarra uneoro izan zen nagusi, eta sakea izan zen partiduko gakoa. Partidua Lau t´erdiko mugen barruan jokatu zen. Gainerako mailei dagokienez, Durangaldeko pilotariek deneriko emaitzak lortu zituzten. 22 urtez azpikoen mailan, Gardoki durangarrak 22-5 menderatu zuen Etxaniz berriztarra. Kadeteetan, ostera, Otaduy iurretarrak 10-18 galdu zuen finala, Zubikarai markinarraren kontra. Gazteen mailan, berriz, ez zen eskualdeko ordezkaririk aritu; Agirre burlatarrak 22-16 irabazi zion Alegiko Artolari.
Apirilaren 18an hasi zen Berrizko Oizpe txapelketa, eta ordutik ia egunero jokatu dituzte partiduak Berrizburun. Guztira, 260 pilotarik parte hartu dute txapelketan.