Axier Intxaurraga entrenatzaile berriztarrak Kulturala utziko du bi denboraldi eta gero; datorren denboraldian, 2.B mailara igoera lortu berri duen Amorebieta taldea gidatuko du. Talde durangarrean eginiko bi urteak “zoragarriak” izan direla adierazi du berriztarrak.
Zornotzan ekingo dion aroari dagokionean, “ilusioagaz” dagoela aurreratu du Intxaurragak. “Denboraldi gogorra izango da, talde indartsu asko daude-eta; hala ere, ilusioagaz hartu dudan erronka da”. Taldeak azken urteetan emandako “gorakadak” eta 2.B mailan entrenatzeko gogoak bultzatu du Intxaurraga jauzia ematera. Bi urterako kontratua sinatu du Intxaurragak.