Iñaki Lejarreta berriztarra Portugalen arituko da zapatuan

Anboto 2011ko mai. 13a, 08:30

Munduko Koparako prestatzeko baliatuko du Orbeako txirrindulariak biharko proba. Lleidan irabazi berri duela doa txirrindulari berriztarra

Munduko Koparako prestatzeko baliatuko du Orbeako txirrindulariak biharko proba. Lleidan irabazi berri duela doa txirrindulari berriztarra. Munduko Kopako probetara ahalik eta maila onenagaz heltzeko asmoa duela adierazi du Iñaki Lejarreta berriztarrak. Aste batzuetan geldi egon ondoren, lehiari ekin dio berriztarrak. Bide horretan, bihar Portugalen lehiatuko da; Seiako hirian, hain zuzen ere. Lejarretaren berbetan, prestatzeko hartuko du proba. \"Proba garrantzitusa da Portugalekoa; prestatzeko balio izatez gainera, rankingerako puntuak hartzeko ere balioko dit\". Orbea taldeak Portugalgo proba horretan parte hartzen duen lehendabiziko aldia da biharkoa. Horren ondoren, gogoa Munduko Kopan jarriko du berriztarrak. \"Aurtengo helburua Munduko Kopa da\" nabarmendu du Orbea taldeko txirrindulariak. Maiatzaren 22an Ingalaterran ospatuko da lehia horretako lehenengo proba. Aste bat geroago, hilaren 29an, Alemanian izango da bigarren proba, Offenburgen.

Val De Lorden garaile

Hilaren 8an, Munduko Kopa horretarako prestatzeko asmoagaz lehiatu zen Lejarreta Val De Lorden (Lleida); 6,8 kilometroko ibilbidea 1:22´09ko denbora eginda bete ondoren, Lejarretak Kataluniako Kopa irabaztea lortu zuen. Erakutsitako mailagaz eta lorturiko puntuekin pozik agertu da Iñaki Lejarreta: \"Bi astean geldirik egon ondoren, dudak nituen nire mailaren inguruan; hala ere, oso ondo sentitu nintzen. Gainera, irabaztea beti dator ondo\". Lejarretak proban egon zen maila ona nabarmendu gura izan du. Jose Antonio Hermidak (Merida), gaur egungo munduko txapeldunak, kasurako, hirugarren amaitu zuen Lleidako proba. Bigarren sailkatua Orbea taldeko Ruben Ruzafa izan zen.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!