Oizpe pilota taldeak txapelketa hau antolatzen duen 9. biderra da. Lehenago \'Txikito Mallabia\' legez ezagutzen zen txapelketa hau
Oizpe pilota taldeak txapelketa hau antolatzen duen 9. biderra da. Lehenago \'Txikito Mallabia\' legez ezagutzen zen txapelketa hau.
Apirilaren 18an abiatu zen , bederatzigarrenez, Oizpe pilota txapelketa. Urtero legez, Berrizko Oizpe pilota taldeak antolatu du txapelketa Berrizko Udalaren laguntzagaz. 1970. hamarkadan Berrizen jokatzen zen \"Txikito Mallabia\" txapelketaren ondorengoa da hau.
Eneko Kanpo Oizpe pilota taldeko arduradunaren berbetan, txapelketa horrek zuen mailara heltzea da orain euren helburua. \"Euskal Herri osotik heltzen ziren pilotariek parte hartzen zuten han; 300 pilotarik jokatzen zuten\". Kopuruaz gainera, maila oneko pilotariak ere egongo dira aurtengo txapelketa. Kanpok baieztatutakoaren arabera, Berasaluze IX.ak, Bengoetxea VII.ak eta Uriartek txapelketan parte hartuko dute, besteak beste.
Iazko moduan, hainbat mailatako jokalariek parte hartuko dute; guztira, bederatzi mailatan lehiatuko dira pilotariak. Guztira, 250 pilotari baino gehiago arituko dira Berrizko pilotalekuan. Haur, kimu (A eta B mailak egongo dira) eta benjamin (A eta B mailak hemen ere) mailetan lehiatzeko 200 pilotari inguruk eman dute jada izena. Gazte horietako asko Durangaldekoak dira; hala ere, Azpeitia, Donostia eta Amurriotik datozenak ere arituko dira txapelketan.
Aurreko urteetan ez bezala, bederatzigarren Oizpe txapelketan buruz burukoan arituko dira pilotari guztiak; kadeteen, gazteen, 22 urtez azpikoen eta nagusien mailetan, lau t\'erdikoan jokatuko dute pilotariek.
Lehia ziurtatua
Kanporen arabera, txapelketa \"erakargarria\" izango da: \"Profesionaletan jokatu duten jokalariak beheko mailetatik gogor datozen jokalariekin lehiatuko dira\". Txapelketa erakargarriagoa egiteaz gainera, eskualdeko pilotari gazteentzako \"aukera\" bat izan dadin ere bilatzen dute antolatzaileek.
Seniorren partiduak martitzen edo eguaztenetan jokatuko dituzte; \"Gaitza da maila horretako pilotariak asteburuetan ekartzea\", dio Kanpok. Behe mailetako partiduek ez dute egun finkorik izango. Txapelketako finalak Berrizko Sanpedroetan jokatuko dira.