Agirrebeitia Italian, munduko onenen artean

Anboto 2011ko ots. 9a, 09:25

Enduroko Munduko Txapelketa hasiko da asteburu honetan. Lehendabiziko proba zapatuan ospatuko da, Lucan (Italia); \'Hell´s Gate\' proba gogorrak emango dio hasiera txapelketari. Gaur hartuko du Italiarako bidea.

Enduroko Munduko Txapelketa hasiko da asteburu honetan. Lehendabiziko proba zapatuan ospatuko da, Lucan (Italia); \'Hell´s Gate\' proba gogorrak emango dio hasiera txapelketari. Jon Agirrebeitia berriztarra bertan arituko da; iaz parte hartu zuen lehendabizikoz horrelako proba batean. 2010.urteko lasterketan 7. amaitzea lortu zuen Agirrebeitiak -denboraz kanpo izan bazen ere-, eta aurten ere emaitza hori lortzea edo hobetzea du helburu. Berriztarra bihar abiatuko da Italiarantza \"gogoagaz eta ilusioagaz\". Iazko emaitzak lortzea gaitza izango dela aurreikusten du, hala ere: \"Lasterketa oso gogorra da, iaz bik bakarrik bukatu ahal izan zuten\". Iazko proba, Dougey Lampkim eta Graham Jarvis motoristek, soilik, amaitu zuten kontrolaren barruan. Goizean hasita, hainbat orduz jarduten dira motor gainean; teknikoki trebeak izateaz gainera, motoristak fisikoki egoera onean egon behar dira, beraz. Esan moduan, Agirrebeitiak iaz parte hartu zuen lehendabizikoz Enduroko Munduko Txapelketan. Bi probatan aritu zen, Italiako \'Hell´s Gaten\' eta Austriako \'Erzberg Rodeon\', hain zuzen. Bi probetan lorturiko emaitzegaz gustura geratu zen Jon Agirrebeitia; Austriako proban 18. amaitu zuen. Aurten, ostera, hiru probatan parte hartzeko asmoa azaldu du motoristak: \"Ekainean Austrian ospatuko den proban aritzeko asmoa dut. Ostean, uztailean Errumaniakoan jarduten saiatuko naiz\". Guztira, bost lasterketek osatzen dute Enduroko Munduko Txapelketa; Hegoafrikako \'Roof of Africa\' eta Erresuma Batuko \'The Though One\' probek osatzen dute zirkuitua.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!