Zapatuan Berrizko Ziklo Kros Sari Nagusia korrituko dute Berrizburun atondutako zirkuituan; domekan Oiz menditik zeharreko mountain bike martxa abiatuko dute Urtiaga plazatik.
Zapatuan Berrizko Ziklo Kros Sari Nagusia korrituko dute Berrizburun atondutako zirkuituan; domekan Oiz menditik zeharreko mountain bike martxa abiatuko dute Urtiaga plazatik.
Mountain Bike-ean ibili zalea denari hitzordu bikoitza eskainiko dio asteburuan Berrizko Bizikletari Elkarteak. Lehenengo, zapatuan, Berrizko Ziklo Kros Sari Nagusia antolatuko dute Berrizburu inguruko zirkuituan. Belodromoan hasi eta amaituko da lasterketa.
Parte hartzaileak adinaren arabera banatuko dituzte. 2,5 kilometroko zirkuituan, kadeteek 40 minutuko lana burutuko dute; gazteek 50 minutukoa eta gainerakoek (elite, 23 urtez azpiko eta Masterrak) ordubetekoa. Izen ematea 08:30ean hasiko da belodromoan bertan eta lasterketak 10:00etatik aurrera abiatuko dituzte; elite mailakoa 13:00etan hasiko da.
Era berean, lasterketak Bizkaiko Kopari amaiera emango dio. Txapelketa hori dagoeneko irabazita du Aitor Hernándezek eta bigarren dago Iñaki Lejarreta. Berriztarrak ez du parte hartuko beste konpromiso batzuk dituelako.
Urteroko mendi martxa
Bestalde, domekan 10:00etan, urteroko ohiturari eutsiz, Mendi Bizikleta Martxan parte hartzeko aukera egongo da. Urtiaga plazatik irtenda, 29 kilometroko ibilbideak (hiru laburbide egongo dira) Oizko mendi bideetatik eramango ditu parte hartzaileak. Ohi duten moduan ibilbidea aldatu egin dute: \"Paraje ezagunekin gozatzeko eta bide berriak ezagutzeko modua izango da\", dio Iñaki Lejarreta antolatzaileetako batek.
Izen ematea dohakoa da eta 09:00etan hasiko dute Urtiagan. Lasterketa amaitzean edariak eta janaria banatu eta opariak zozketatuko dituzte. Dutxak ere egongo dira.