60 urtetik gorako berriztarrei eskutitz bat bidaliko die udalak asteon, etxez-etxeko janari zerbitzua eskuratzeko izan dezaketen interesa ezagutzeko. On Ein! izenagaz zabalduko da zerbitzua Berrizen, 2011n.
60 urtetik gorako berriztarrei eskutitz bat bidaliko die udalak aste honetan, etxez-etxeko janari zerbitzua eskuratzeko izan dezaketen interesa ezagutzeko.
Gizarte Ongizate sailak 2011. urtean martxan ipini gura duen zerbitzua da. Oraindik, baina, horretarako beharrezkoa litzakeen araudia egin eta onartzeko dago.
On Ein! izenagaz zabalduko da zerbitzua Berrizen. Eguneko janari nagusia prestatu eta hori etxez-etxe banatzea da zerbitzuak eskainiko duena. Gainera, dieta pertsonalizatu eta elikadura ohituren jarraipen bat ere eskainiko dute.
On Ein! zerbitzuaren erabiltzaileek etxean gustura egoteko eta autonomia mantentzeko behar duten laguntza izatea da udalaren helburua.
Erabiltzaile izateko bete beharreko baldintzak honako hauek dira: herrian erroldatuta egotea, 60 urtetik gorakoa izatea, bakarrik edota bikoteagaz bizi direnen kasuan antzeko egoeran izatea, gizarte zerbitzuen oniritzia eta etxebizitza egoera onean izatea.
Egitasmoaren erantzuna nolakoa izan daitekeen aztertzeko, 60 urtetik gorako berriztarrek eskutitz bat jasoko dute aste honetan zerbitzuaren ezaugarri nagusien azalpenekin. Interesa dutenek, udaleko gizarte zerbitzura jo behar dute.
Momentuz egitasmoa baino ez da On Ein!; Ongizate Gizarte Zerbitzuen sailean honi dagokion araudia egiten dabiltza. Gero, udalbatzaren oniritzia jaso beharko luke, eta azkenik, zerbitzua emango lukeen enpresaren esleipena egingo litzateke. Asmoa, 2011. urterako martxan ipintzea da.