Behetik gorantza etorri da Berriz, eta azkenean salbatzea lortu du. Andres Olabarriagaz berba egin dugu Anboto Irratian.
Behetik gorantza etorri da Berriz, eta azkenean salbatzea lortu du. Andres Olabarriagaz berba egin dugu Anboto Irratian.
Ligari ekitear dauden talde guztien erretolika partiduz partidu eta puntuz puntu joatea izan ohi da. Denboraldia azken txanpara heltzen denean etortzen dira komeriak, batez ere, behean dabiltzan taldeentzako. Bat batean berdinketak karisma galtzen du eta hiru puntuak batu beharraren larritasuna nagusitzen da. Berrizi horixe gertatu zaio. Larri ibili dira denboraldi osoan eta golik ezak behean ibiltzera kondenatu ditu.
Orain hile bi Andres Olabarria ondarrutarrak hartu zuen taldearen gidaritza eta harrezkero taldeak beste itxura bat eman du. Puntuak hirunan batu behar zituzten eta lortu dute helburua. Azken zazpi partiduetatik bost irabazi dituzte eta bat berdindu. Gainera, garaipen asko arerio zuzenen kontra lortutakoak izan dira Ortuella, Getxo eta Gatikaren aurka. Iñurri lanerako denborarik ez eta pausu handiak emanda heldu dira helmugara.
Motibazioa txertatuz
Olabarriak zerikusi handia du taldearen erreakzioan. Bera etorri eta gero egin dute gorantz. Gogoratzen duenez, taldea moral aldetik \"oso baxu\" aurkitu zuen: \"Lehenengo eman nien berbaldian buruak behean ikusi nituen. Beraz, taldeari burua altxatzen laguntzea eta konfiantza txertatzea izan zen lehen egitekoa\". Ondoren, \"txip aldaketa\" etorri zen; jokalarien mentalidadea aldatu nahi zuen gauza desberdinak probatuta. Kornerretan zonaldean defenditzen ohituta bazeuden, buruz burukora aldatu zuen. Sistema ere aldatu zuen. Ohiko 4-2-2 sistema 4-3-3 bihurtu zen: \"Taldeak gola behar zuen partiduak irabazi zein konfiantza hartzeko\".
Asteburuan Galdakao hartuko dute etxean eta derbi txiki bat izango da, Galdakaon Berrizen jokatutako bost jokalari daudelako.
Bestalde, datorren urtean Andres Olabarriak jarraituko du entrenatzaile karguan. Taldean ez omen da baja askorik egongo: \"Postu batzuk indartu behar dira, baina oro har, talde majoa dugula uste dut\".