Uste baino errazago irabazi zieten (22-7) Saralegi eta Eskuderok osatutako bikoteari. Hala ere, markagailuak islatzen duena baino \"partidu gogorragoa\" izan zela azaldu digu berriztarrak.
Uste baino errazago irabazi zieten (22-7) Saralegi eta Eskuderok osatutako bikoteari. Hala ere, markagailuak islatzen duena baino partidu gogorragoa izan zela azaldu digu berriztarrak.
Berrizko pilota harrobi emankorrak beste txapeldun bat atera du. Larunbatean Promozio Txapelketako finala jokatu zuten Ibai Zabala berriztarrak eta Iker Arretxek eta irabazi egin irabazi zieten faborito zigiluaz kantxaratu ziren Saralegi eta Eskuderori. Gorriak, Saralegik ordura arte egindako txapelketa bikainagaitik, pronostikoetan aurretik zeuden, baina kantxan bestelako partidua ikusi zuten zaleek.
Bosnakoa izan zen partiduko azkenengo berdinketa. Hortik aurrera Zabala eta Arretxeren nagusitasuna erabatekoa izan zen. Berriztarrak argi agindu zuen atzean eta Arretxek ere gogor zigortu zuen Eskudero. Saralegi ikusle soil bihurtu zuten partiduko tanto askotan: \"Taktika horixe geneukan pentsatuta. Saralegi goitik pasa eta jokoa Eskuderori kargatzea. Azkenean ondo irten zigun\", dio Zabalak.
11 tanto segidan egin (16-5) eta partidua bideratuta utzi zuten. Hainbat tanto gogor eta borrokatu jokatu zituzten tartean, baina tantoak beti urdinen alderantz erori ziren: \"Emaitzak ez du islatzen kantxan gertatutakoa. Espero baino errazago irabazi genuen, baina ia 600 pilotakada jo genituen eta horrek lan egin behar izan genuela erakusten du\", azaldu du berriztarrak.
Ederra harmailetan bizi izan zen giroa ere. Zabalari ez zitzaion animorik falta izan. Autobus bete zale joan zen Labritera Berriztik, Abadiñotik zein eskualdeko hainbat txokotatik. Partidua amaitzean harmailetatik txapel zaparrada erori zen kantxara: \"Lagunak animoso etorri ziren eta egia esanda asko eskertzen da zaleen laguntza holango partiduetan. Esker oneko nago\".
Buruz buruzkoa
Orain bigarren mailako buruz buruko txapelketan zentratuko da Zabala. Ostiral honetan jokatuko du lehenengo partidua; finalean aurrez aurre izan zuen Eskudero izango du aurkari: \"Buruz burukoa beti gustatu izan zait, baina txarrena da ez dudala ondo entrenatzeko denborarik. Bihar bakarrik entrenatuko dut. Hala ere, ni iluso osoz joango naiz\". Ikusi egin beharko da Eskudero jokatzeko moduan dagoen, partidu amaieran Zabalari eskutik \"justu samar\" amaitu zuela aitortu ziolako.
[img]http://www.anboto.org/images/7300/7333/1.jpg[/img]
[img]http://www.anboto.org/images/7300/7333/2.jpg[/img]