Atearen aurrean kamuts

Anboto 2010ko ots. 16a, 09:57

Ohorezko Mailan sufritzen ari da Berriz. Zapatuan Derioren zelaian jokatuko dute; beste arerio zuzen bat, sailkapenean bost puntu gorago daudelako.

Ohorezko Mailan sufritzen ari da Berriz. Zapatuan Derioren zelaian jokatuko dute; beste arerio zuzen bat, sailkapenean bost puntu gorago daudelako. Jaitsiera postutik puntu bira egotearen arrazoietako bat ate aurrean erakutsi duten punteria eskasa da. Orain arte jokatutako 21 partiduetan 13 gol besterik ez dituzte sartu. Mailan golik gutxien sartu duten taldea dira. Berrizko golegile nagusia 18 urteko gazte bat da: Adrian Garate, hiru golekin. Egia da gol gutxi jaso dituztena ere (17gaz, gol gutxien jaso duten bigarren taldea dira), baina puntuak pilatzeko aurkarien atea sarriagotan zulatu beharra dago: \"Golik jasotzen ez genuenean, gutxienez, puntua batzea lortzen genuen. Azken aldian, ordea, golak egin dizkigute eta guk asmatu ez dugunez estuago gabiltza\", azaldu du Jose Manuel Alvarez behin behineko entrenatzaileak. Aldikada txarran dabilenak, normalean, zortea ere ez du aldeko izaten. Joan zen asteburuan 0-1 galdu zuten etxean Ugeragaren kontra. Izoztuta zegoen Berrizburu zelaian gehiago izan ziren berriztarrak. Hainbat aukera izan zituzten eta Ugeraga 10 jokalarirekin geratu zenean ematen zuen hiru puntuek etxean geratu behar zutela. Inork espero ez zuena gertatu zen, ordea. 93. minutuan Ugeragak garaipenaren gola sartu zuen: \"Kolpe gogorra izan zen. Taldea hondoratuta zegoen aldageletan. Baina animoa berreskuratu eta aurrera egin behar dugu\", dio Alvarezek. Berriz azken bosgarren dago sailkapenean eta, aldaketarik ezean, talde bi jaitsiko dira. Zoritxarrez Retuerto estu dabil goragoko mailan eta, baliteke hiru talde izatea Ohorezko Maila galdu dezaketenak. Dena dela, maila horretan talde asko daude maila ez galtzeko borrokan eta berriztarrak bezain estu dabiltza beste hainbat talde ere.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!