Zelan jakinarazi zizun Frontisek bere interesa?
Orain aste bi telefonoz deitu zidaten. Sorpresa izan zen niretzat. Egunean bertan Berrizera etorri ziren. Pentsatzeko denbora apur bat eskatu nien, baina baiezkoa eman nuen. Profesional mailan jokatzea denon ametsa izaten da. Orain horretarako aukera eman didate, eta aprobetxatzen saiatuko naiz.
Ez zen pasatzen uzteko moduko aukera.
Jendeak esaten zidan ez ete dudan enpresa handiagoetara —Aspe edo Asegarce— joateko esperantzarik, baina errazago ikusten dut haretarako saltoa Frontisetik, afizionatu mailatik baino. Frontisen serioago jardungo dut, beste maila bateko eskakizuna suposatzen du-eta.
Aurrekariak badagoz. Aritz Lasa Frontisetik fitxatu zuen Aspek.
Halaxe da. Frontisen ez zuen txapelketa bakar bat irabazi, eta begira orain non dagoen. Horrek esan gura du Frontisen ere pilotari onak daudela.
Zelan joan dira orain arteko entrenamenduak?
Oso ondo. Esaterako, Iker Huarterekin entrenatu nuen Larrabetzun, eta oso gustura ibili nintzen. Pilotetan igarri nuen alderik handiena. Afizionatuetan arinagoak dira. Entrenamenduak ere askoz serioagoak dira. Berrizen lau-bost pilotari batzen ginen, eta binaka jokatzen genuen; hori zen dena. Frontisen Karmelo Ariznabarreta eta Iker Amarika hantxe egoten dira, egindako hutsak zuzentzeko.
Gainera, hemendik aurrera Traña-Matienako pilotalekuan entrenatuko dugu martitzenero. Izan ere, lau bizkaitarretatik bi abadiñarrak dira: Antxia eta Amantegi. Neuri ere nahiko gertu geratzen zait pilotalekua.
Ezagutzen dituzu Ander Antxia eta Egoitz Amantegi?
Bizkaian denok elkar ezagutzen dugu, gutxi gorabehera. Afizionatuetan zebiltzanean, euren aurretik jokatu ohi neban. Kalean ikusten baditut, berbetan geratzen gara. Orain lankide izango ditudala da aldaketa bakarra.
Bilbon Kirol Modulua ikasten zabiltza, eta zure asmoa pilota ikasketekin partekatzea da.
Entrenamenduak goizez dira eta klaseak arratsaldez. Beraz, biak bateratzeko ez dago arazorik. Lehenengo eta behin, ezeren aurretik, ikasketak dagoz, eta gero pilota eta gainerakoak. Nire kasuan bietan ibiltzea posible dut, beraz askoz ere hobeto.
Zure jokamoldea eta dohainak aztertuz, non ikusten duzu hobetu beharra?
Ezkerra landu behar dut. Ezkerrarekin pilota asko galtzen ditut, eta alde horretatik badago lan apur bat egiteko. Profesionaletan partiduari eutsi beharra egoten da sarritan. Galtzailea izanda, zaila da partiduak irabaztea.
Zer helburu ipini deutsue hasiera honetan?
Partiduak orain arte jokatu ditudanak baino luzeagoak eta gogorragoak izango dira. Beraz, lehenengo helburua mailara moldatzea da; partiduak jokatuz, konfiantza hartzea.
Frontiseko pilotarien janzkera berezia da. Praka piratekin jokatzen dute.
Oraintsu kendu dituzte. Egia esanda, nik gurago ditut betiko praka zuri luzeak.
Gaur debutatuko duzu, Berrizen.
Etxean debutatzea polita da. Denak inguruan edukita ezin nuen beste herririk aukeratu! Ea egun polita bizitzen dugun.
Berrizko pilota harrobia oparoa da. Non dago sekretua?
Ez dago sekreturik. Zaletasun handia dagoela: horixe sekretua. Gaztetxoak frontoira joaten dira pilotan jokatzen; horiek euren lagunak ekartzen dituzte, eta ondo pasatzen dute eta gustua hartzen diote frontoira joateari. Entrenatzaileek ere badaukate meritua. Ni gaztetxoa nintzenean Felix eta Juanito Uribarri ziren entrenatzaileak; egunero joaten ginen frontoira eta egunero ibiltzen ginen pilotan.
Beharbada egin beharreko azterketa beste bat da. Inguruko herriek zergatik ez daukaten hainbesteko harrobirik.
Afizio kontua da, batez ere. Gaztetxo bat pilotalekuan bakarrik badabil, nekez zaletuko da. Ikasteaz batera dibertitu egin behar du. Nagusiei begira ere asko ikasten da. Haiek egiten dutena praktikatzen duzu, harik eta irten arte; horrek motibatu egiten du.