Bai, aurreko diska Oihukarekin kaleratu genuen, baina bertako managerrak utzi egin zuenez eta Baga-Bigak, diskoa, management eta dena eskaintzen duenez, aukera ona eritzi genion Baga-Bigarenari. Nahiko fuerte dabilen disketxea da; talde potenteak daramatza, eta zuzenekoak lortzeko zein promoziorako asko mugitzen dira.
Diskoa autoekoizpenaren bitartez kaleratzea ez duzu planteatu?
Lehenengoko grabazioa, Berrizko gaztetxeko Aldapa maketa lehiaketa irabazteagatik jasotako saria izan zen: bost kantako maketa Lorentzo Records-en grabatu eta autoekoizpenaren bidetik egin neban. Bigarrenean eta Heldu Eskutik hirugarren honetan disketxearekin jardutea
hautatu dut.Bai, aurreko diskoak –maketa eta diskoa– oso segituan egin genuen. Disko honetarako aldiz, urtebeteko epea hartu dugu: azaroan utzi genion kontzertuak jotzeari, eta urtarriletik kantuak sortzean zentratuta ibili naiz. Uztailean sartu ginen diskoa grabatzera, eta bi hilabetean horretara egon gara. Landuagoa dela esango nuke Heldu Eskutik honetakoak. Asko landu dugu lortu gura genuen soinua... Beste diskoarekin baino sentsazio hobearekin geratu gara. Jendeak zelan ikusiko duen ikusteko dago.
Soinuan eta bestela ere, noranzko eboluzioa izan du Etxek?
Esango nuke pixka bat rockeroagoa dela disko hau. Beste diskoetan baino doinu eta melodia alaiagoak eta erritmo biziagoak dudela esango nuke.
Taldea finkatu izanak ere izango zuen eraginik eboluzio horretan, ezta?
Bai, asko egiten du. Hasieratik beti esan izan dut gura nuela lagunarteko talde bat. Denok gaude taldean inplikatuta, eta diskoa lantzerakoan ere asko igartzen da euren eskua. Argi dago nire proiektua dela, baina asko aportatzen didate taldekideek. Jotzen gustura sentitzen gara elkarrekin.
Esan daiteke, ‘Heldu eskutik’ modu lasaiagoan prestatu ahal izan duzula?
Bai, lehenengo bost kantako maketa kaleratu, eta 2006 eta 2007 kontzertuak ematen ibili ginen, eta 2007ko udaberrian kaleratu genuen Bidea Eginez diskoa. Dena oso arin joan zen hasierako urteetan. Azken hau, trankilago egindako diskoa da.
Zelan antolatu duzu urtea?
Etxean kantak egiten hasi nintzen duela urtebete inguru; programa informatikoekin bateriak programatu eta sortzen hasi. Gero, neuk sortutako kanta horiek taldean entseiatzen hasi ginen apirilean. Lau-bost hilabete egon nintzen kantuak egiten beraz, eta Aste Santu bueltan diskorako denok elkarrekin jotzen hasi ginen. Hiru hilabetez, topera entseiatzen egon ginen, eta uztailean ekin genion grabaketari. Grabazioa ere denborarekin hartu dugu, trankil egin ahal izateko. Igartzen da grabatzerako orduan ere beste patxada batekin egin dugula, eta gauzak argi izan ditugula. Bakoitzak zer egin behar zuen argi izan dugu.
Estoldetan grabazio estudioa herrian bertan edukitzeak ere erraztu egingo zizkizueten gauzak, ala?
Bai, gainera, zuzenekoetan ere gurekin lan egiten duen Jon Olabarriaga teknikariarekin egin dugu lan. Berak badaki zer gura dugun, eta askoz errazagoa da hala lan egitea. Estoldetan-en gainera, Berrizen gagoz, ez da estudio handi batera joatea eta presioagaz lan egitea. Trankil, denbora hartuta eta lagun giroan egin dugu.
Doinu eta melodia biziagoak edo alaiagoak bildu ei dituzue beraz disko honetan.
Disko honetan ere badaude pare bat edo hiru kantu apur bat ilunagoak direnak, baina orokorrean bai, melodien eta kantuen egiturak alaiagoak dira, eta abiadura biziagoa daukate gehienek. Animatuagoa da alde horretatik diskoa. Gero, letretan sartzen bazara, badaude kanta tristeagoak, baina orokorrean oso bizia da Heldu eskutik.
Zelan egiten duzu konposatzeko lana?
Normalean egiten dudana, lehenengo gitarra grabatzea izaten da. Behin kantuaren estruktura eginda dudanean, baxua ere grabatzea eta bateriak programatzea izaten da hurrengo lana. Gero, melodia atera eta horren arabera idazten dut letra. Taldekoei pasatzen diet azkenik musikari bakoitzak bere ikutua eman dagien kantei.
Beti egin izan duzu era horretan lan?
Ez, disko honetarako lan egiteko erosi nituen aparatuak, etxean trankil sortzea gura nuelako disko hau. Lau edo bost hilabete lokalera joan barik eman ditut.
Letrak musikara moldatzen dituzu, beraz.
Errazago egiten zait hala egitea bai, melodia eta egitura eginda ditudanean, badakidanean zenbat silaba sartu behar ditudan hasten naiz letrarekin. Azkenerako uzten dut, eta letra kantara moldatu.
Zertaz diharduzu diskoan?
Single moduan aukeratu dudan kanta esaterako, Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko elkarrizketa moduan osatu dut. Anje Duhalderen kolaborazioa izan dut kanta horretan. Iparraldea ahaztuta izaten dugula-eta sortu neban letra hori. Badagoz beste kantu bi, Mikel Laboari eta nire anaiari eskainitakoak... Orokorrean maitasun desberdinei buruzko kantak dagoz: Euskal Herriari, lagunei, musikari... diedan maitasunari buruzkoak.
Laboari eskainitako kanta zelakoa da?
Laboaren jarraitzaile izan naiz beti. Iazko abenduan, diskoa prestatzen hasi nintzenean hil zaigunez, hunkitu egin ninduen, eta hasieratik izan nuen argi disko berriko kanta bat berari eskainitakoa izango zela: Euskal Herrian egon den musikari handienetakoa da, eta merezi zuen.
Zarama taldeko Roberto Mosok ere kolaboratu du diskoko kanta batean.
Bai, Ametsak betetzen kantuan kolaboratu du nirekin Zarama taldeko Roberto Mosok . Bueltatzekotan zeudela jakin nuenean, Bilboko kontzertura joan, eta oholtzatik jaitsi zenean esan nion, ‘gura duzu kantatu?’, eta baietz erantzun eustan. Asko jarraitu izan dudan taldea da Zarama...
Ez da ba zure belaunaldiko taldea...
Ez, egia da, baina anaiengandik hartuta, oso gogoko izan ditut beti Zarama, Hertzainak eta Doctor Deseo moduko taldeak. Beti esaten dut musikari dagokionean ditudan gustuen arabera, hamar urte zaharragoa naizela.
Lotuta dituzu aurkezpen kontzertuak?
Bai. Azaroaren 21an, Berrizko kultur etxean dugu diskoaren aurkezpena. Hurrengo astean, Durangoko Plateruenean, eta Donostian eta Bermeon ere joko dugu. Azkenean, zuzenekoei begira ateratzen ditugu gaur egun diskoak.