Orkatila bihurrituta, agur 4 t'erdikoari

Anboto 2009ko aza. 3a, 09:49

Pablo Berasaluzek 4 t'erdiko txapelketako partidua jokatu zuen atzo Tolosan, Gonzalezen aurka. Finalerdietarako pasea zegoen jokoan, eta berriztarrak amore eman behar izan zuen orkatila bihurritu eta gero.

Binaka uda osoan ederto ibili ostean, Berasaluze VIII.k kaiolan egingo zuenaren zain zeuden atzo pilotazaleak Tolosan. Gonzalezek abantaila atera zion, eta gainera, 17-10eko emaitzarekin orkatila bihurritu zuen berriztarrak. Zorte txarra izan zuen, eta orain aurrera begiratu behar.

Sebastian Gonzalezek partidu oso serioa eta txukuna burutu zuen atzo Beotibar pilotalekuan. Sakeari eta boleari probetxua ateraz, defentsako lanarekin abantailari eutsi zion. Maila oso ona eman zuen; finalerdietan Aspe enpresako hiru kide izango ditu arerio.

Partidua maldan gora zuela, errematea heldu zitzaion Pablori. Txokora zioan korrika, eta zabalera abiatzear zenean orkatilak ezetz esan zion. Saiatu ziren medikuak nolabait konpontzen, baina alferrik: bertan behera geratu zen norgehiagoka.

Gogoa erakutsi zuen berriztarrak, baina hurrengo urtean izan beharko. Momentuz, orkatila sendatzeko, 10 egunerako atsedena hartuko du.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!