Kantxan arerio izango diren lagun bi binakako finalean

Anboto 2009ko mar. 19a, 17:48

Herrikide bi profesionaletako final handi batera iristea oso gutxitan ematen den jazoera da. Beraz, Berrizek badu zertaz harrotu. Etxeko gazte bik, Asier Berasaluzek (25 urte) eta Ibai Zabalak (21 urte) bigarren mailako binakako txapelketako finala jokatuko dute, larunbatean Zornotzan. Jaialdia 16:30ean hasiko da.

Herrikide bi profesionaletako final handi batera iristea oso gutxitan ematen den jazoera da. Beraz, Berrizek badu zertaz harrotu. Etxeko gazte bik, Asier Berasaluzek (25 urte) eta Ibai Zabalak (21 urte) bigarren mailako binakako txapelketako finala jokatuko dute, larunbatean Zornotzan. Jaialdia 16:30ean hasiko da.

Berasaluze IX.ak Xabier Urberuaga du bizkarzain; Zabalak Aratz Mendizabal izango du aurreko koadroetan. Iaz, kasualitatea horrelakoxea delako, erasundar bi –Retegi II eta Escudero– aurrez aurre izan ziren finalean. “Ez ete da igazkoa pasatuko!”, dio Berasaluzek. Izan ere, Retegik eta Argotek 22-2 irabazi zuten. Horrelakorik ez du ez batak ez besteak desio.

Bi pilotariak sasoian daude, eta ez dute eskuetan arazorik. Finalerdietan eskuetatik justu amaitu zuela onartzen du Zabalak, baina errekuperatuta dago. Asteazkenean finaleko pilotak baztertu zituzten. Berasaluzek eta Urberuagak azpitik dabiltzanak aukeratu zituzten, berriztarren sakea eta joa aprobetxatzeko asmoz. Zabala berak ere argi du, pilotari bakoitzak nerbioei eusteko duen gaitasunaz gainera, Asierren eskuinean egon daitekeela finalaren gakoa.
Gorriek material motelagoa aukeratu zuten, espero zen legez. Eta normalean inork ez duenez bere burua faboritotzat jo nahi, Berasaluzek gorrien lanerako gaitasuna azpimarratu du: “Jo bai, baina gero pilotan egin behar da. Eurek pilota gitxi galtzen dute. Partidu zaila izango da”.

Ligaxkan Zabala nagusi

Ligaxkan birritan jokatu dute elkarren aurka, eta bietan 22-20 irabazi dute Mendizabalek eta Zabalak. Partidu gogorrak izan dira, eta  “alde batera zein bestera jausi” zitezkeela onartzen du bietan garaile suertatu denak. Dena dela, memoria ez da alperrik dugun dohaia, eta Berasaluzek ondo gogoratzen du San Mateotan behin irabazi ziola.

Gorriek ligaxka ikaragarri ona osatu dute; zortzitik zazpi garaipen. Urdinek bost irabazi zituzten, baina Berasaluzek finalerdietan jokatu du txapelketako partidurik onena. 



ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!