
Kontzertua duten lekuan bertan, Hiltegixen, biltzen hasi ziren berriztar gazte haien proiektuetako zenbait musikaren ingurukoak baitziren: Hiltegixe gaztetxean topatu zituzten askok taldekideak, eta entseguak egiteko lokalak ere bai, besteak beste. Gaztetxearen inguruan sortu ziren duela hamarkada bat inguru askotariko doinu eta erritmoak jorratzen zituzten musika taldeak, eta orain bost-sei urte ingurura arte iraun zuten taldeotariko batzuek, inguruko herrietan nahiz kanpoan ere zuzenekoak eskainiz.
Sakabanatutakoa lotzen
Hasieran, azaldu digutenez, Gaztetxearen urteurrenaren harira antolatutako ekitaldien arteko hau pentsatzerakoan, Hiltegixe gaztetxea bilgune eta entsegu-gune izan duten talde guztiak batzea zuten helburu. Baina dozenatik gora talde egun edo gau batean kontzertuan biltzea gehiegizkoa zela ikusi zuten gaztetxekoek.
Arrazoi horixe izan zen dagoeneko jotzen ez duten taldeen kontzertua antolatzera eraman dituena, diotenez: sei taldeko zerrenda atontzera eraman dituena. Hasierako zerrendan Eta Zer! taldea ere agertzen zen Berriz Old School Band Festeko taldeen artean, baina agenda arazoak medio, esandako seiak arituko dira gaurko kontzertuan: Nabari, At!, Fast Ladrillo, LDF, Hyssopus, eta Mahattan Berrizko taldeak.
Hamargarren urteurrenerako antolatutako kontzertu berezi honen aitzakian seirotariko baten batek berriro taldea berreskuratu eta martxan jartzea oso pozgarri litzateke, nahiz eta Berrizko gaztetxeko musika mugimendua 10. urtebetzean ere oso bizirik dagoen: iragan asteburuan gaztetxean kontzertua eskaini zuen Xarma bertan sortutakoa da, baita duela gutxi sortutako Tomakawa edo Tres41 musika taldeak ere.