Abenduaren 3ko euskararen nazioarteko egunaren harira, kultur eskaintza zabala izango da datorren asteburuan Berrizen. Musika eskaintzari dagokionez, Ruper Ordorika, Oreka Tx eta Mikel Markez izango ditugu euren lana eskaintzen.
Azaroaren 30ean, 20:30etan Berrizko Kultur Etxean apirilean kaleratutako "Zure begiek" diskoko abestiak aurkeztuko dituen Mikel Markez musikaria, eta Oreka Tx taldeko Igor Otxoa txalapartaria izan dira Euskal Astearen aurkezpenean. Euren alboan, Jabier Azpitarte alkatea, Karmen Amezua zinegotzia, eta Izaskun Zubitur euskara teknikaria izan dira azaroaren 28 eta 30 bitartean izango diren askotariko kultur ekitaldien aurkezpenean.
Eskolan dagoeneko abiatua duten Euskal Astearen helburua, "euskaraz berba eginez asko gozatu daitekeela frogatzea" dela nabarmendu du Amezua zinegotziak, eta proposatutako kultur ekitaldi guztietan parte hartu eta gozatzera gonbidatu dituzte berriztar zein eskualdeko herritar guztiak.
Musika eskaintzari dagokionez, Kultur Etxean izango da azaroaren 29an 22:00etan hasita Hamar t'erdietan azken diska aurkezten izango da Ruper Ordorika musikari oñatiarra. Egun horretan baita, 11:30etatik 13:30etara, ume eta gaztetxoendako jolasak izango dira, eta Amaia Agirre eta Andoni Egañarekin bertso bazkaria Toki Ona jatetxean (bazkarirako txartelak, Toki Onan, Ama Lur liburudendan eta Estankoan daude salgai).
Azaroaren 30ean ere Berrizen izango ditugun Oreka Tx eta Mikel Markez musikariak izan dira astelehenean, asteburuko emanaldien aurrerapen bat egiten: 20 urteko ibilbidean landutako abestiak eskainiko ditu Markezek, aurten kaleratutako "Zure begiek" diska oinarri hartuta. Peio Ramirezek biolontxeloarekin, eta Joseba Loinazek pienoarekin lagunduko dituzte Markezen ahotsa eta gitarra. Txalaparta doinuak eta ikusentzuzkoak uztartuko ditu Oreka Tx taldeak 13:00etan eta 18:00etan Berrizko frontoian izango dituen emanaldi bietan. Nomada Tx egitasmoa burutu zutenean bildutako ikusentzunezkoak eta txalapartaren zuzeneko soinua eskainiko dute frontoian ipiniko duten "karpa ibiltarian" batuko diren 40-50 lagunen aurrean.
Musikaren aurretik baina, antzerkia izango da Euskal Astearen egitaraua abiatuko duena: euskaldunon sexu harremanen inguruko Larru haizetara komedia eskainiko du Bikoteatroa taldeak azaroaren 28an 22:00etan izango da.
Kale erabilerak kezkatuta
Euskal Astearen aurkezpenean nabarmendu dutenez, euskararen kaleko erabilera murritzak arduratuta ditu Udalean, gero eta euskara gutxiago entzuten delako Berrizko kaleetan. Horregatik, euskaraz berba egin eta ulertzen duten berriztarrek euren eguneroko harremanetan ama hizkuntza baliatu dezaten euskarazko kultur egitarau zabalak antolatzeaz gainera, bestelako formulak bilatzen dihardutela azaldu du Amezuak: Berbalagun egitasmoa martxan dela, eta merkatariekin, herriko elkarte eta eragileekin, eta eskolako zuzendaritzarekin euskara sustatzeko bidea jorratzen dihardutela. "Gure ama hizkuntzari merezi duena eta zor diogun" esparrua emateko, "indarren metaketa" ezinbesteko dela azpimarratu du Azpitartek.