Ohorezko mailan mantentzeko pausu biziki garrantzitsua

Anboto 2008ko mai. 15a, 12:41

Berrizek pausu handia eman zuen joan den asteburuan berrizburun Morazaren aurka 4-2 irabazi ondoren. Partidu polita izan zen eta ikusteko atsegina oso.

Lehen zatiko lehen hamar minutuak pasatu barik zeudela sartu zuen Castrillok lehen gola, baina Guillermok berdindu egin zuen norgehiagoka hurrengo minutuan. Hala ere, Pinillak 2-1ekoa jarri zuen markagailuan handik bi minutura. Gol festa izan zen beraz lehen hamar minutuetan bizitakoa. Gero pixkat lasaitu egin ziren bi taldeak eta joko geldoagoa egin zuten. Hala ere, Berriz golaren bila ibili zen hurrengo minutuetan ere eta azkenean, lehen zatia bukatzeko hamar minutu falta zirela Amezuak 3-1ekoa jarri zuen markagailuan. Berriztarrek guztiz bideratuta zuten partida eta pozik joan ziren aldageletara.
Bigarren zatia ere futbol ikuskizunaz hasi zen. Hala, hasi eta berehala Guillermok baloia sareetara sartu zuen bere bigarren gola eginez eta markagailua 3-2an utziz. Dena dela, berriztarrek ez zuten etsi eta laugarrena egin zuten 57. minutuan. Igor izan zen golegilea eta lasaitu ederra hartu zuten horrela berriztarrek. Hurrengo minutuak lasaiagoak izan ziren eta ez zuten gol aukera handirik egin.  Joko ona egin zuten biek ere baina berriztarrak finago ibili ziren erasoan. Partidu polit hau baina, azken minutuetan apurtu zen. Izan ere epaileak Moraza taldeko Ekaitz eta Eneko bota zituen.
Golen festa amaituta, berriztarrak oso pozik entzun zuten epailearen partida bukaeraren agindua. Ohorezko mailan mantenduko dira asteburuko garaipenari esker eta asteburuan zortzigarren postuan dagoen Santutxuren aurka jokatuko dute. eta irabaztera aterako dira.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!