Iñaki Lejarreta bikain Avilesen

Anboto 2008ko mar. 7a, 12:07

Iñaki Lejarretak oso ongi hasi du bere aurtengo lehen proba. Pekingo joko olinpikoetan lehiatuko den berriztar honek “Superprestigio Massi” izeneko proban parte hartu berri du eta laugarren sailkatu da.

150 txirrindulari batu ziren joan den asteburuan Avilesen eta tartean izan ziren Iñaki eta Eneko Lejarreta. Lehenak laugarren postua erdietsi bazuen, bigarrena ere ez zen batere gaizki ibili. 25. sailkatu zen Eneko Lejarreta. Maila nazionalean prestigio handia duen proba da avilesen jokatu berri den hau eta antolatzaileek ibilbide berezi bat diseinatu zuten. Ikuslego handia hurbildu zen proba zuzenean ikustera.
Lehenengo emakumeak atera ziren goizeko hamarretan. Marga Fullana Illes Balears taldeko kidea izan zen hasiera-hasieratik probaren jaun eta jabe eta ez zien bere arerioei arnasa hartzen ere utzi. Rocio Gamonal geratu zen bigarren eta Ruth Moll hirugarren.  
Gizonezkoak eguerdiko hamabietan atera ziren. Izugarrizko ikusmira piztu zuen gizonezkoen probak eta batez ere Julien Absalonek, denboraldiko bere debuta bait zen. Horrela, Julienek lasterketa bigarren itzulian apurtu zuen bakarrik ihes eginda. Atzetik, hamar txirrindulariz osatutako taldea izan zuen. Hurrengo itzulian Peraudek Absalon harrapatu zuen eta biak batera joan ziren besteengandik distantzia hartuz. Sei itzuli egin zituzten horrela. Bi hauek sailkatu ziren lehenengo eta bigarren postuan eta hirugarrena Juan Pedro Trujillorentzat izan zen. Iñaki Lejarreta laugarren sailkatu zen lasterketa paregabe baten ondoren. Denboraldiko lehen lasterketa zen berarentzat eta pozik azaldu zen eman zuen maila ona izan elako. Bai Iñakik eta bai bere lehengusu Enekok bizikleta gainean aritzeko duten trebezia agerian utzi zuten Avilesen ere. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!