Euskal Herriko finalaren bila

Anboto 2007ko uzt. 19a, 13:48

Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketako finala gertu du Berrizek. Finalerdietako joaneko partidetan 2-1 irabazi zion Arrasateri etxean. Bueltako neurketak barikuan (19:30) jokatuko dira Uharkapen, eta abantailari eustea nahikoa du hilaren 28an Arrasaten bertan jokatuko den final nagusiko bi protagonistetako bat bihurtzeko.

Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketako finala gertu du Berrizek. Finalerdietako joaneko partidetan 2-1 irabazi zion Arrasateri etxean. Bueltako neurketak barikuan (19:30) jokatuko dira Uharkapen, eta abantailari eustea nahikoa du hilaren 28an Arrasaten bertan jokatuko den final nagusiko bi protagonistetako bat bihurtzeko.

Arrasate kanporatuz gero, herri moduan inoiz lortu duen balentriarik handiena lortuko luke Berrizek; profesionaletako pilotari askoren sorburu izan dena –eta oraindik badena– taldekako hitzordurik garrantzitsuenean lehenengoz sartzeko zorian dago. Horretarako joan zen asteko emaitza berdintzea nahikoa dute. Partida bi galduta ere, aldeko eta kontrako tantoen balantzea itxaropentsu egoteko modukoa da.

Beroari aurre eginez

Sargori egin zuen joan zen barikuan Berrizen. Beharbada horregatik, Berrizko kadeteek (Mikel Loidik eta Gotzon Urkijok) ez zuten euren mailan jokatu. Bolinagak markatu zuen partidako erritmoa eta bere jokoak eman zion lehen puntua Arrasateri (13-22).

Estreinakoa galduta, gazteek ez zuten huts egiterik. Bestela, kanporaketa oso aldapa gora jarriko zitzaien. Hori gutxi balitz, Perosanzen lesioa medio, bikote berriztarra aurrelari bik osatu zuten (Aitor Alberdik eta Axular Etxanizek). Maila oneko pilotariak izanagatik, elkar behar den moduan ulertzeko kapaz izango ote ziren zalantza zegoen partida hasi aurretxoan. Dudak berehala uxatu zituzten; aparteko ezer egin gabe baina nahikoa samur irabazi zuten (22-13): “Partida arraroa izan zen. Tanto onak jokatu genituen, txarrak ere bai… Kontuak kontu, inportanteena irabaztea zen eta hori lortu genuen”, Mikel Gonzalez Berrizko pilota eskolako entrenatzailearen esanetan.

Behin kanporaketa berdinduta, balantza Berrizen aldera desorekatzeko helburuarekin kantxaratu ziren Mikel Gonzalez eta Ibai Zabala. Markagailuak erakusten duena baino gehiago sufrituz lortu zuten garaipena (22-11). Hasieran, parean aritu ziren, tanto luzeak eta borrokatuak jokatuz. Beroa ere ez zen pilotarietaz gupidatu. Partida erditik aurrera berriztarrek aldea zabaldu zuten. Behin joko puntu egokia aurkituta, erraz iritsi ziren 22ra.

Bariku arratsaldean jokatuko dira bueltakoak. Berrizek finala hurbilago duen arren, Arrasate hazi egin daiteke zaleen aurrean. Gainera, finalak Arrasaten bertan jokatuko dira, eta horrek piztu ditzake. Aurreikuspenak egitea ezinezkoa da: “Joaneko emaitza berak sinatuko genituzke. Baina hobekuntza bat eskatzekotan, kadeteek eman zutena baino gerra handiagoa emateko ahala badutela uste dut. Gainerakoan, partida antzekoak espero ditugu”.

Bigarren finalerdian Leitzak eskura du finalerako pasea. Maezturi 2-1 irabazi zioten eta tantoen averagea oso aldeko dute, nagusietan 22-3 irabazi baitzuten. Beraz, Berrizek edo Arrasatek, seguruenik, Leitza izango dute aurkari finalean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!