Bizkaiko errege eta jaun eta jabe

Anboto 2007ko uzt. 5a, 13:37

Berrizek Herri Arteko txapelketa irabazi du, bigarrenez, Gernikari finaleko hiru partidak irabazita.

Orain bi urtez legez, Herri Arteko Txapelketa irabazi du Berrizek. Urtebetez Bizkaiko pilota klub guztiek gora begiratu beharko dute Berriz aurkitzeko. Bizkaiko erregetza lortu dute, duda txikienik izateko tarterik utzi gabe lortu ere: Gernikari finaleko hiru partidak irabaziz. Bat galduta ere txapelak Berrizerako bidea hartuko zuen, baina “ez zen berdin izango”, Mikel Gonzalez entrenatzaile eta pilotariak aitortzen duenez. Horregatik, lehen bi lehiak poltsikoan izan arren, berriztarrak serio irten ziren hirugarrenaren bila, eta aidean atera zuten partida (22-4). Finalean jaun eta jabe izanda lortu dute Bizkaiko tronua.

Zapatua egun luzea eta pozgarria izan zen. Pilotariak izan ziren Sestaoko pilotalekura lehenengoBerrizko pilotari eta kideak iritsi zirenak. Hasierako isiltasuna,  autobusetan iritsi ziren bi herrietako zaleek laster hautsi zuten. Kadeteetako partidaren atarian, pilotalekuak partida handietako giroa zuen, bonbo eta guzti.

Presioak eraginda-edo, Mikel Loidik eta Gotzon Urkijok “urduri” hasi zuten kadeteetako partida. Hasieran kosta egin zitzaien erritmoa hartzea, baina behin hartu zutenean, berriztarren kolpeak partida hautsi zuen. 20-11 irabazten zihoazela Gernikak atzelaria eta aurrelaria postuz aldatu zituen, baina alperrik: “Ordurako partida erabakita zegoen”, dio Gonzalezek. Azkenean, 22-14, eta lehen puntua berriztarrentzat.

Teorian errazen irabazi beharreko gazteen partidan sufritu zuten gehien: hasieran serio aritu eta aldea hartzea zen gakoa, gero lasai jokatzeko, baina partidak beste norabide bat hartu zuen. Ez zen Eneko Perosanzen egunik onena izan: “Pilota gozatu ezinik ibili zen tanto askotan”. Aitor Alberdik dejada zehatz baten bidez 15nako berdinketa hautsi zuenean, Gonzalezek aulkira ekarri zituen bi pilotariak. Apur bat lasaituta eta sakearen jabe, zuzenean joan ziren 22ra. Poza kantxan zein harmailetan lehertu zen, txapelaren jabe baitziren jada.

Hirugarrenaren bila

Jabier Azpitartea alkatea, garaikurra goratuz“Batzuek ‘jada txapelaren jabe gara eta berdin du hirugarrenena galduta ere’ zioten, baina beste hainbat ‘hiru eta hutsekoa lortu behar dugu’ zioten”, gogoratzen du Gonzalezek. Ez zeukaten akuiluaren beharrik. Ibai Zabalak eta Mikel Gonzalezek, biek, argi zuten egitekoa: partida irabazi eta Berrizera ohore guztiekin itzultzea. Uste baino errazago lortu zuten helburua. 4-4ko berdinketaren ondoren, zuzenean joan ziren 22ra: “Ibai Zabala bikain aritu zen partida osoan”.
Sari banaketan berriztarrak izan ziren izar nagusi. Txapela finala jokatutako seirei bakarrik eman zitzaien, baina Gonzalezek parte hartu duten pilotari guztiak gogoratzen ditu: “Denon artean lortu dugun garaipena da”.

Pilotalekuan bertan luntxa egin ondoren, Berrizerantz irten zuten. Ganeketxen jarraitu zuen ospakizunak, bazkari eder baten bueltan. 50 lagun inguru batu ziren mahaian. Arratsaldean, tabernarik taberna zebiltzala, ETB finalak diferituan ematen ari zen: “Imajinatu partidak ikusten ari zirenen harridura, gu Berrizen ikustean”. Ospakizuna, zer esanik ez, hurrengo goizera arte luzatu zen. Denek zuten horretarako baimena. Lorpenak merezi zuen hainbeste.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!