Berriz bosgarrenez iritsi da herri arteko pilota finalera

Anboto 2007ko eka. 21a, 13:22

Lehenengo hirurak galdu egin zituen eta laugarrenean, orain urte bi, Elorrioren kontra irabazi egin zuen. Hilaren 30ean, Bizkaiko Herri Arteko txapelketa bigarren aldiz irabazteko aukera du Berrizek Gernikaren aurka.

Lehenengo hirurak galdu egin zituen eta laugarrenean, orain urte bi, Elorrioren kontra irabazi egin zuen. Hilaren 30ean, Bizkaiko Herri Arteko txapelketa bigarren aldiz irabazteko aukera du Berrizek Gernikaren aurka.

Bizkaiko Herri Arteko Pilota Txapelketako bueltako partiduek ez zuten sopresarik utzi. Berrizek partidu bakarra irabaztea nahikoa zuen, eta hirurak irabazi zizkion Zaratamori. Elorriok, berriz, kanporaketa oso zail zeukan eta ezin izan zuen bere aldera ekarri. Joanekoan legez, Gernikak kadeteetako eta nagusietako lehiak irabazi zizkion eta Elorrio finaletik at utzi. Beraz, Herri Arteko finala Berrizek eta Gernikak jokatuko dute, hilaren 30ean, 10:30ean, Sestaoko pilotalekuan. Berrizek txapelketa hori bigarrenez irabazteko aukera izango du.

Berrizek ibilbide oparoa du txapelketa honetan. Aurtengoa bosgarren finala izango du. Lehenengo hirurak galdu ondoren, orain urte bi, lehenengoz nagusitu ziren Bizkaiko Herri Artekoan, Elorrio menderatuta.

Finalerdietan, bat ere arazo gabe kanporatu dute Zamudio. Sei partidutatik sei irabazi dituzte. Joan zen asteburuan, kadeteen partiduan sufritu zuten gehien (17-22), baina gainerako biak nahikoa eroso atera zituzten: 6-22 gazteetan eta 15-22 nagusietan.

Gernikak orain urte biko finala berriro ikusteko ametsa zapuztu zigun. Elorriok eginahalak egin zituen, baina ez zen nahikoa izan. Joanekoetan gertatu zen moduan, kadeteetako eta gazteetako partiduak azkar joan ziren; lehenengoa Gernikak irabazi zuen (4-22) eta bigarrena, Elorriok (22-9). Horiek horrela, Elorriok alde handiagaz irabazi behar zuen nagusietan; alde hori izan zen, baina Gernikaren alde (22-6).

Iragarpen zaila

Finalean zer gerta daitekeen aurreikustea ezinezkoa da, Mikel Gonzalez berriztarren entrenatzailearen esanetan: “Batek badaki! Usteak erdia ustel izaten du sarritan. Hala ere, esango nuke, gazteetan, gu indartsuago garela. Beraz, neure ustez, kadeteetan eta nagusietan erabakiko da finala”.

Berrizko pilotari guztiak jokatzeko moduan daude. “Eskuetatik denok ondo gaude, eta ez dugu inolako trabarik finalerako”.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!