Kalean margozten bihar Berrizen, Kaleko Pintura Lehiaketan

Anboto 2007ko api. 27a, 11:04

Berrizko kaleak hartuko dituzte marrazkilariek bihar, zapatuan, eta euren koadroetan gordeko dituzte herriko paisajeak.

Berrizko kaleak hartuko dituzte marrazkilariek bihar, zapatuan, eta euren koadroetan gordeko dituzte herriko paisajeak.

Izan ere, zapatu honetan izango baita Kaleko Pintura Lehiaketaren VIII. edizioa Berrizen. Artistek, aukeraketa librea eginda, herriko ingurune edo herriko gune zehatzak marraztuko dituzte, egun osoan zehar. Beraiek aukeratutakoa marraztuko dute, eta teknikari eta formatuari dagokien guztia ere, artisten eskura utziko dute. Margozteko behar dituen tresna guztiak artistak berak eraman beharko ditu.

Zortzigarren edizio honetan ere, 16 urtetik gorako edonork parte hartu dezake, eta nahi beste lan aurkeztu.Hala ere, antolatzaileek goizeko 9:00ak eta 10:00ak bitartean ipiniko diete zigilua euskarriei, Anbulategi zaharrean. Leku horretan aurkeztu beharko dituzte artistek egunean zehar osatutako lanak.

Epaimahaiak aukeratuko ditu lehiaketako irabazleak, eta marrazki onena irizten diotenak 500 euroko saria eskuratuko du. Bigarren, hirugarren eta laugarren sailkatuentzat, 400, 300 eta 200 euroko sariak banatuko dira. Lehenengo sailkatzen den berriztarrarentzat 180 euroko sari berezia izango da. Lehiaketako sarituak apirilaren 28an bertan, arratsaldeko 18:00etan, emango dira jakitera. Sari sorta handia banatuko dute, eta eguraldiak lagunduz gero, kalean giro polita bizitzeko aukera dugu Berrizen.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!