Anboto KB eta Sorginen Lasterketa, Atxondoko II. Mendi Asteburuko gailurrean

Aritz Maldonado

Atxondok Mendi Asteburua hartuko du, bigarren urtez. Aurten ere, asteburu berean batu dituzte Sorginen Lasterketa eta Anboto Kilometro Bertikala, eta egitaraua beste ekintza batzuekin ere jantzi dute. Iazkoak izandako harrera onak animatu ditu aurten ere antolatzaileak metodologia errepikatzera.

Anboto Kilometro Bertikalak 17. aldia egingo du zapatuan. 10:00etan hasiko da. Parte hartzaileak tontorrera igoko dira biderik laburrenetik: 1.092 metroko desnibeleko igoera, 3,8 kilometrotan. Igoerako errekorrak Marco de Gasperi italiarrarenak (37,14 minutu, 2011n) eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarrarenak (45,59 minutu, 2018an) dira oraindino. Aurten Oihana Zubillaga, Andrea Garay, Maria Zorroza, Aitor Ajuria, Aitor Zunzunegi eta Xabier Macias lehiatuko dira, besteak beste. Arratsaldean, umeentzako orientazio jolasa eta Ainhize Belarren dokumentala egongo dira, bertan geratzen direnentzat. 

Bestalde, Sorginen Lasterketak hemeretzigarren edizioa izango du domekakoa. Iaz lasterketa laburra ere egin zuten, lehenengoz, eta aurten ere egingo dute. "Herriko jende askok eman zuen izena eta pozik geratu ginen. Gainera, lasterketa laburra tarteko bat izan daiteke, laburra probatu eta gero, hurrengo batean luzea egitera animatzeko", azaldu du Jon Aranburu antolatzaileak. Lasterketa luzeak 22 kilometro inguru ditu, eta laburrak 11,6 kilometro eta 890 metroko desnibel positiboa. Biak Euskal Herriko Koparako puntuagarriak izango dira. 

Berbaldiak ere bai
Egitaraua ez da lasterketetara mugatuko. Hain zuzen ere, gaur berbaldiekin hasiko dute ekitaldi sorta. 18:30ean hasita, Garazi Abasolo nutrizionista eta mendi korrikalaria, Itsasne Blanco kirol psikologoa eta Jokin Idirin prestatzaile fisikoa mahai bueltan batuko dira berbaldia emateko. Bien bitartean, dortsal banaketa ere egingo dute. Apatako eskolan izango da hori guzti hori. Bestalde, lasterketa egunetan doako garraio zerbitzua eskainiko dute Arrazolara eta Axpera korrikalarientzat zein ikusleentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!