Iaz sortu zuten antzerki tailerra Atxondon, herriko Kultura Mahaiaren eskutik, eta orduan ere Magunagoitia aritu zen gidari. Atxondarra Karrika antzerki taldeko kidea da, besteak beste. 7tik 16 urtera arteko gazteei bideratua dago tailerra, horien artean antzerki zaletasuna pizteko, hain zuzen ere. Magunagoitiaren berbetan, antzeztuta pizten da antzerkizaletasuna, jolasten hasita. Hain zuzen ere, jolasteko grina hori eskaintzeko asmoagaz ekin zioten iaz antzerki tailerrari, eta, iazko harrera ona ikusita, Atxondoko Udalak eta Atxondoko Kultura Mahaiak aurten ere tailerra eskaintzea pentsatu dute. Iaz 10etik 13 urtera arteko gazteei zuzenduta egon zen, baina antolatzaileek adin tarte hori zabaltzea pentsatu dute aurten.
Parte hartzaileek hilean 15 euroko kuota ordaindu beharko dute. Interesa dutenek liburutegira joan behar dute izena ematera. Internetez ere eman daiteke izena, karteletan dagoen QR loturaren bitartez.