Atxondon bertso saio literarioa izango da domekan, Miren Artetxeren ipuina oinarri hartuta

J.D. 2026ko otsailaren 23a

Artetxe gai-jartzaile dela, Oihana Bartra eta Alaia Martin ariko dira bertsotan, Arrazolako Amillenan.

Datorren domekan (martxoak 1), 18:30ean, ‘Haize-lekua’ izeneko bertso saio literarioa izango da Arrazolako Amillenan. Miren Artetxe izango da gai-jartzailea, eta Oihana Bartra eta Alaia Martin ariko dira bertsotan.

Artetxek ‘Geuretik Sortuak’ kultur egitasmoaren baitan Atxondon egindako egonaldiaren barruan sortu du ‘Haize-lekua’ ipuina. Bertso saioan ipuineko pasarteak irakurriko ditu eta haiek erabiliko ditu bertsotarako gaiak proposatzeko, Atxondoko Udalak bere sare sozialetan informatu duenez.

Hona Artetxek ipuinari buruz egin duen sinopsia: “Bi emakumeen arteko harremanaren istorioa kontatzen du. Bietako bat hiltzen da eta bestea zahar-etxe batean sartzen da. Han dagoen bitartean hildako lagun horri hitz egiten dio eta zahar etxean gaur egun duen bizimodua kontatzen dio, baina bere oroitzapenak ere kontatzen dizkio, berak nola bizi izan zuen harreman hori".

​Geuretik Sortuak-ek liburu batean jaso ditu egitasmoaren barruan sortutako lanak eta ‘Haize-lekua’ bilduma horretako parte da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!