Zelakoa izan da Dominikar Errepublikan bizitako esperientzia?
Esperientzia laburra izan da, baina oso aberasgarria. Pertsona zoragarriak ezagutu ditut eta inoiz ez nuen pentsatuko horren hartu-eman ona izango nuenik taldeko kide guztiekin. Bestalde, mundu guztiak ez du aukera horrelako paraje ederrak bisitatzeko, haietan bizitzeko eta bertan lehiatzeko.
Beraz, errepikatuko zenuke?
Zalantzarik barik. Pena emango lidake esperientzia hori berriro ere talde eta parte-hartzaile eurekin ezin partekatu ahal izatea. Baina uste dut bidean gauza asko geratu zaidala erakusteko, bai besteei bai neure buruari ere.
Zeure burua proban ipintzea lortu duzu? Asko prestatu zinen Karibera joateko?
Ez dut astirik izan neure burua benetan proban ipintzeko. Karibera joan aurretik, hemen landu nituen probak han egin ahal izatea gura nuen. Ia hile bian nigaz entrenatzen egon den bihotz handiko pertsona izugarria ezagutu dut, bizitza zein sinplea den eta norbere buruari laguntzea zein garrantzitsua den erakutsi didana. Entrenatzaile bat baino gehiago, lagun bat eraman dut nigaz.
Irabazteko aukera ikusi zenuen?
Taldekideen gaitasuna ikusita, ez nuen uste irabazlea izango nintzenik, baina gutxienez bateratze fasera heltzea espero nuen.
Zer egin zaizu gogorren?
Abenturako gogorrena, zalantzarik barik, eltxoak izan dira; kanpamentu aberatsean egonda ere bai. Alde guztietatik ziztatzen gintuzten, eta sentsazio benetan gogaikarria zen. Bestalde, batzarretan taldeko kideetariko bat izendatu beharra ere oso gogorra egin zitzaidan.
Bizitako zein momentu aukeratuko zenuke?
Lehenengo jokoa egin genuenekoa. Taldea oso ondo moldatu zen, ez genuen ia ezer egin behar irabazteko. Urduritasuna, ziurgabetasuna… lehenengo jokoa eta irabazle. Oso une hunkigarria izan zen; ezin izan nien malkoei eutsi ikurrina hartu genuenean.
Zer ekarri duzu Karibetik bueltan?
Bere buruagaz seguruagoa den Ane bat ekarri dut, Ane ausart bat, gura izanez gero proposatutako guztia lortzeko gai den Ane. Horrez gainera, bihotzeko lagun zirkulu bat ere ekarri dut, leialak eta zoragarriak.
Zer behar da konkistatzaile izateko?
Lehenengo eta behin, eta garrantzitsuena, ausardia. Horrelako saio batera joatera ausartzeak asko esaten du pertsona bati buruz.