Zelan sortu zen antzerki tailer bat sortzeko ideia?
Atxondoko Kultura Mahaia sortu zenetik, geroago eta ohitura handiagoa dago antzerkia antolatzeko, baina antzerkirako zaletasuna pizteko zeozer falta zela ikusten nuen. Eta zer hoberik antzerki tailer bat antolatzea baino, herriko umeengan antzerkirako har hori isiotzeko. Ni neu Durangoko Karrika antzerki taldean nabil, baina nire zaletasuna ez zuen Karrikak piztu, Arrazolan urtero udan egiten genituen antzezlanek baino. Eta ez da besterik, jolasean hastea baino. Atxondoko gazteei horrelako zeozer eskaintzea interesgarria iruditu zitzaidan. Niri umetan antzerkirako zaletasuna piztu zitzaidan moduan, orain herriko umeengan zaletasun hori sortzen ahalegintzeko ekimena da. Kultura Mahaian proposatu eta aurrera irten zen.
Zelan joan zen joan zen asteko lehenengo saioa?
Primeran. Nik neuk oso ondo pasatu nuen eta umeek ere oso ondo pasatu zutela esan zidaten. 11 ume dabiltza oraingoz, 10etik 13 urtera artekoak. Lehenengo eguna zenez, jolasak egin genituen, elkar ezagutzeko. Tailerrean zer egitea gustatuko litzaiekeen galdetu nien. Aurrera begirako ideiak hartzeko ere balio izan zidan. Ordu biko saioak izatea erabaki genuen, denbora behar delako dinamikan sartzeko.
Zein da sekretua umeei antzerkirako interesa pizteko?
Jolas moduan hartzen dugu. Antzerkiaren bitartez ondo pasatu dezaten da helburu nagusia. Ikasturte amaieran baliteke erakustaldi txiki bat egitea. Denbora ematen badigu, ondo, eta bestela ere bai.
Hiru hilerik behin saio monografikoak egingo dituzue.
Bai, tailerretan ez dabiltzanentzat ere zabalik egongo da atea. Azken batean, astero etorri ezin eta parte hartzeko gogoz geratu direnak beste modu batean batzeko bidea da. Monografiko bat izan liteke makillajeari buruzkoa, beste bat soinuaren ingurukoa edo argiztapenari buruzkoa… Helburua da erakustea antzerkia ez dela bakarrik aktoreen lana; atzean lan handia eta garrantzitsua ere badagoela.
Tailerraz gainera, antzerkia ikustera joateko irteerak ere antolatuko dituzue hilean behin.
Antzerkia egiteaz gainera, antzerkia ikustea ere garrantzitsua da zaletasuna sortzeko. Otsailaren 8an, 18:00etan, Laika antzezlana ikustera joango gara Durangoko San Agustin kulturgunera. Irteerak tailerrean ez dabiltzanentzat ere zabalik daude. Izen ematea liburutegian egin daiteke, eguenera arte. Antzerkia elkarregaz eta taldean ikustera joatea aukera polita iruditzen zait ohitura bat sortzen hasteko.
Mota honetako tailerra ematen duzun lehenengo aldia da?
Atxondoko antzezlanak zuzendu izan ditut, baina tailerra ematen dudan lehenengo aldia da, bai. Beraz, umeek ikasi egingo dute, baina nik ere asko ikasiko dut eurekin.