Atxondoko Udalak bat egin du euskal karabana solidarioagaz

Joseba Derteano 2026ko urtarrilaren 23a

Karabana solidarioko kamioi bat, elikagaiz beterik.

Atxondoko Udalak bat egin du Sahararen Euskal Karabanagaz, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren sahararrei laguntza helarazteko helburua duen elkartasun ekimenagaz. Horren bitartez, elikagaiak eta oinarrizko produktuak bilduko dituzte, kanpalekuetan duten elikagai faltari aurre egiteko asmoz.

Bilketa urtarrilaren 29ra arte egongo da martxan Atxondon, eta herritarrek leku bitan utzi ahal izango dituzte dohaintzak: udaletxeko atari barruan eta Atxondoko eskolan ipini dituzten kaxetan. Bildutako guztia Elorriora eramango dute; han, Elorrioko Udalak eta Lajwad elkarteak kudeatuko dute dena. Aurten, elikagai eta produktu hauek batuko dituzte: arroza, pasta, atun eta sardina kontserbak, azukrea, dilistak eta konpresak.

Urteroko kanpaina
Ekimen hau Sahararen Euskal Karabanaren barruan kokatzen da, Saharako Ilargi Erdi Gorriaren eta Emakumeen Nazio Batasunaren deiari erantzunez, eta sahararrekiko Elkartasun Taldeen Koordinazioaren barruan. Durangaldean zein Euskal Herri osoan urtero antolatzen den kanpaina da. Karabanan bildutako elikagaiak kamioietan aterako dituzte Euskal Herritik. Gero, itsasoan zehar eramango dituzte Afrikara. Handik, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetara eramango dituzte, han banatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!