Atxondoko Udalak ludoteka eta udaleku zerbitzuak lehiaketara atera ditu

Anboto 2026ko urtarrilaren 12a

Eskola ondoko eraikin honetan eskaintzen da ludoteka zerbitzua.

Zerbitzua Haur eta Lehen Hezkuntzako umeei zuzenduta dago.

Atxondoko Udalak ludoteka eta udaleku zerbitzuak kontratatzeko lehiaketa publikoa martxan jarri du, guztira 23.000 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Esleipena urtebetekoa izango da, eta beste urtebetez luzatzeko aukera aurreikusten da. Lehiaketako informazio guztia udaleko webguneko (www.atxondo.eus) ‘Kontratatzailearen profila’ atalean dago eskuragarri eta baita udaletxean bertan ere. Proposamenak aurkezteko epea urtarrilaren 26ra artekoa da, udalak ohar batean jakinarazi duenez. 

Zerbitzua Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrei zuzenduta dago. Ludoteka urtean 10 hilabetez eskainiko da, astelehenetik ostiralera, 16:30etik 18:30era, eta udan udalekuak egingo dira. 

"Lehiaketa honen bidez, Udalak aisialdi hezitzailea eta kalitatezkoa bermatzen jarraitu nahi du, herriko haurrentzat espazio parte-hartzailea eskainiz. Zerbitzua ahalik eta azkarren berriro herritarren eskura jartzea da helburua", adierazi dute.

Testuinguru honetan, Atxondoko Udalak "eskerrak" eman dizkie orain arte ludoteka zerbitzua kudeatu duten arduradunei, hainbat urtez egindako lanagatik. "Aktiboki parte hartu dute herriko bizitzan eta ekimen ugaritan: besteak beste, On Martin egunean, Gazteñerren, Arimen Gauan, Iñauterietan, eta herrian egindako bestelako jardueretan. Haurrentzako askotariko proposamenak eskainiz, herriko egunerokoaren parte izan dira urte hauetan guztietan", adierazi dute oharrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!