Atxondok umeentzako bizikleta jardunaldia hartuko du abenduaren 30ean

Anboto 2025eko abenduaren 29a

Eneritz Iturriagaren bizikleta akademiak antolatuta, ginkanak eta familia giroko irteera izango dira Apatako plazan.

Atxondok umeentzako bizikleta jardunaldia antolatuko du abenduaren 30ean, martitzenean, Eneritz Iturriagaren bizikleta akademiaren eskutik. Ekitaldia 10:30etik 12:30era egingo da Apatako plazan, eta helburua haurrei bizikletaz ibiltzeko ohitura sustatzea eta kirola aisialdi osasungarri moduan bultzatzea da.

Jardunaldian, umeentzako ginkanak egingo dira adinaren arabera banatuta. Gainera, eguraldiak laguntzen badu, Arrazolarako joan-etorriko ibilaldia ere aurreikusi dute antolatzaileek. Parte-hartzaile guztiek sariak jasoko dituzte.

Antolatzaileek familiei dei egin diete umeen bizikletak eta kaskoak ekartzeko, eta jardunaldiaz familia giroan gozatzera animatu dituzte herritarrak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!