"San Ferminetakoa gehien disfrutatu dudan partidua izan zen"

Joseba Derteano 2025eko abenduaren 12a

Faben Ituarte (Atxondo, 2004) Euskal Filologia ikasten dabil Gasteizen. Ikasketak pilotagaz uztartzen ditu. Aste bitartean Gasteizko Lakua klubaz entrenatzen da. Emaitzei dagokienez, Olazar txapelketan ezin izan du bere maila eman, lesio bat tarteko. Txanponaren beste aldean, Gipuzkoako Senior Mailako txapela jantzi du, besteak beste.

Olazar txapelketan ia atzamar-puntekin ikutu zenuen finala. Lesio txiki bat izan zenuen. Horrek izan zuen eraginik?
Muruak asko jokatzen du eta ondo egonda ere asko kostatuko zitzaidan irabaztea. Pena handia izan zen, baina martitzenean, entrenatzen nenbilela, keinu txar bat egin eta sorbalda bihurritu nuen. Ez nuen tarte handirik izan partidurako errekuperatzeko.

Egia esan, eskumagaz ondo ibili nintzen, baina ezkerragaz ez. Airez asko ibiltzen naiz, baina, lesioaren ondorioz, gantxoz jotzean min sentitzen nuen. Indarrik barik jotzen nuen.

Lesioaren aurretik finalera heltzeko aukera ikusten zenuen? Aurreko partidu biak erraz irabazi zenituen.
Bai. Rekalde zortzian utzi nuen, eta Unax Ramirez hamabostean.

Jokoz ondo ibili zinen. Zelan sentitu zinen?
Aurten lan handia egin dut lau eta erdian; beti kostatu izan zaidan modalitatea da. Asko entrenatu naiz eta esango nuke igarri egin dela hori. Azken urtea zen adinagaitik Olazarren lau eta erdian jokatzeko, eta badut pena hori, azken partidu horretara topera joan ez izanarena. Binakakoan jokatu ahal izango nuke. Ea badudan aukerarik.

Zelan doa lesioa?
Gainditu dut. Asteon beste partidu bat izan dut eta minik barik jokatu dut. Beraz, alde horretatik, pozik nago, ez delako lesio larri bat.

Zein dohain eskatzen du lau eta erdikoak?
Nire kolperik onena behetik gorakoa da, baina, jakina, hori ez da kolperik onena lau eta erdirako. Aldamenetik eskatzen du gehiago, aire motzean ibiltzea, eta aurrean abila izatea.

Zein helburu izan duzu denboraldi honetan?
Zaldibarren finalera heltzeko esperantza neukan, eta horregaitik eman nuen izena gero Uharten, biak lau eta erdikoak izanda bietarako prestatzeko. Eta nahiko ondo ibili naiz bietan. 

Orain zein klubetan entrenatzen zara?
Txukun Lakua klubean entrenatzen naiz, Gasteizen, ikasketak bertan egiten nabilelako. Baina, berez, Lemoako klubekoa naiz.

Urteari errepasoa eginda, Gipuzkoako Senior Mailako txapela irabazi zenuen. Eneko Gorostidiri erraz irabazi zenion, 22-4.
Igarri nuen egun horretan ondo nengoena, txispagaz, eta partidu borobila jokatu nuen. Ez nuen akatsik egin, berak ere ez zuen txarto jokatu, baina dena ondo irteten zaizunean besteak aukera gutxi dauka irabazteko.

Zelan, ba, bizkaitar bat Gipuzkoako txapelketan?
Kadeteetatik Lazkaoko taldean ibili naiz eta aurten etorri naiz bueltan Bizkaira. Urte batzuk eman ditut Gipuzkoan jokatzen.

Lazkaoko ibilbideari buruz, pozik zaude han bizi izandakoagaz?
Bai. Oso klub lehiakorra da. Baina, Gasteizen bizitzera, gatxa zen. Eta justu Ander Arroitak Lemoako klubean beragaz jokatzeko eskatu zidan. Biak bizkaitarrak izanda eta biok Gasteizen egotera, erabaki erraza izan zen. 

Uztailean beste txapel bat jantzi zenuen, Lesakako San Fermin Torneoan,  Iker Zabalari 22-12 irabazita.
Oso gustura jokatu nuen partidu hori. Gainera, frontoia beterik egon zen. Jaiak ziren eta kuadrillakoak ere han zeuden. Gehien disfrutatu dudan partidua izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!