Atxondoko Nekazaritza eta Artisautza Azokak 30 postu inguru batuko ditu abenduaren 7an

Anboto 2025eko abenduaren 2a

Lehen sektoreko postu gehiago izango dira aurten, plaza inguruko jai-giroa sustatzeko.

Atxondon Nekazaritza eta Artisautza Azokaren aldi berri bat egingo da datorren domekan, abenduaren 7an. Azoka 11:00etan hasiko da, eta guztira 30 bat postu bilduko ditu: 14 bat nekazaritza arlokoak Apatako plaza nagusian eta beste 17 artisautzakoak, farmaziaren ondoko plazan.

Aurtengo edizioan udalak "ahalegin berezia" egin du lehen sektoreko postuen presentzia handitzeko, ohar batean azaldu duenez. Helburua honako hau da: plaza inguruko jai-giroari bultzada ematea eta herritar zein bisitarientzat inguruko produktuez gozatzeko gune bizi bat sortzea.

Horretarako, plazan jan-edanerako hainbat postu egongo dira: garagardo postua, sagardo eta sagar zuku postua, gazta postua eta Atxondoko Talogileen postua (udaletxeko aterpean), besteak beste. Horrela, gazta pintxo bat edo talo ogitartekoa dastatzen den bitartean, trago bat hartzeko aukera egongo da. Barazkien inguruko postuak ere izango dira, tokiko ekoizleen eskaintza osatuz. Hainbat ekoizle herrikoak izango dira, Atxondokoak, eta beste batzuk Durangaldekoak.

Artisautzako postuei dagokienez, belarritako, arropa, bitxi eta koadroen ingurukoak etorriko dira, eskaintza zabalaren barruan. Artisautzan ere izango da Atxondoko ordezkaritza. 

Atxondoko Udalak herritarrak eta bisitariak gonbidatu ditu "azokan sortuko den jai-giroaz gozatzera eta bertako produktuak erostera".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!