Atzo egindako udalbatzarrean 2026. urteari begirako aurrekontuak onartu zituen Atxondoko Udalak. Aurtengo zenbateko osoa 2.173.447 eurokoa da, iaz baino %3,69 handiagoa. Inbertsioei dagokienez, udal azpiegiturak eta eskaintzen diren zerbitzuak hobetzea da asmoa. Era berean, udal arduradunek ohar batean gogoratu dute datorren urteko martxotik aurrera soberakin ekonomikoa erabilgarri egongo dela, eta horrek inbertsio berriak aurrera eramateko aukerak eskainiko dituela.
Frontoiko aldagela berriak eraikitzea da inbertsio nagusietako bat. Instalazioa erabiltzaile askok baliatzen dutenez, eskaintzen den zerbitzua hobetzea da xedea. Aldagelak plazaren ondoko espazioan kokatuko dira eta, horretarako, gaur egungo komun publikoaren eta biltegiaren eremua handituko da, aterpearen zati bat erantsita. Gainera, espazio guzti horren gaineko aldean solairu berri bat eraikiko da. Proiektu honi hasiera emateko 100.000 euro jarri dira.
Inbertsio handienen artean igerilekua dago. Instalazioetan ur-ihes bat antzeman dute. Horregatik, urte amaiera baino lehen georadar bidezko azterketa teknikoa egingo dute, igerilekuaren azpiko oinarriaren egoera zehazteko. Ondorengo diagnostikoaren arabera erabakiko da zein konponbide aplikatu behar den. Kostua aurrez zehaztea ezinezkoa denez, momentuz 290.409 euroko partida erreserbatu da aurrekontuan. Udalaren asmoa da lanak ahalik arinen abiatzea, udako denboraldirako igerilekua normaltasunez ireki ahal izateko.
Aurrekontuetan aurreikusitako beste diru-partida bat Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) lanketan jarraitzeko izango da. 21.600 euroko diru-atala gorde da horretarako eta Aldundiko diru-laguntzaren bidez estaliko da ehuneko ehunean. Jasotako alegazioak aztertu eta erantzun ostean, dokumentuari behin-behineko onarpena ematea izango da hurrengo pausoa.
Amaitzeko, Berdintasun Plana berritzea aurreikusita dago, indarrean egon den planaren epea amaitu delako. Lan hori burutzeko, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bat eskuratu da.
Frontoiaren ondoko gelan atonduko dira aldagela berriak.