Atxondon On Martin eguna ospatuko dute ostiralean

J.D. 2025eko azaroaren 12a

Andasto dantza taldeak saioa egingo du On Martin egunean.

Hurrengo egunean, zapatuan, beste jai egun bat izango da Martzaa auzoan.

Atxondok On Martin Eguna ospatuko du azaroaren 14an, ostiralean, Apatako plazaren inguruan. Egunerako egitarau zabala prestatu du Atxondo Kultura Mahaiak, herriko eragileekin elkarlanean.

Ohituraz, On Martin azaroaren 10ean ospatu izan da, San Martin bezperan. Iaz, ordea, San Martin egunaren inguruko ostiralera mugitu zen ospakizuna eta aurten nahiz aurrera begira ere horrela mantentzea da asmoa: azaroaren 10tik gertuen dagoen ostiralean ospatuko da. Erabakia Atxondo Kultura Mahaian hartu da, herriko eragileekin batera egindako hausnarketaren ondoren, Atxondoko Udalak bere webgunean azaldu duenez.

On Martin eguna aspaldiko ohitura da Apatan, eta herriak istorio berezi bat dauka horren jatorriari buruz. Herritarrek azaltzen dutenez, Martin izeneko gizon dirudun batek elizako dorrea eraiki ei zuen baldintza bakar batekin: auzoko etxe guztietan ardoa oparitzea bere izenean. Horregatik, Martin izena zuen gizon haren oroimenez, On Martin eguna bihurtu zen Apatan txistorra eta ardoa dastatzeko eguna.

​​​Ohitura berreskuratuz
Ohitura 60ko hamarkadan galdu zen, baina 90eko hamarkadaren hasieran berreskuratu zuten, eta ordutik urtero ospatu izan da plazan txistorra eta ardoa banatuz. Pandemiak eten egin zuen ohitura, baina Atxondo Kultura Mahaiak orain hiru bat urte berreskuratu zuen, hauspo berriarekin eta egitarau zabalagoarekin, herri-giroa indartzeko asmoz.

​​​Martzaan ere ospakizuna
Gogoratu behar da Martzaa auzoan ere ospatzen dela San Martin eguna. Aurten azaroaren 15ean egingo dute, zapatuan. Kalejiran irtengo dira Axpetik Martzaara. Han luntxa egongo da mezaren ostean eta ondoren Axpera itzuliko dira, Atx-Azpi elkartean bazkaltzeko. Egun osoan zehar musika izango da Hektor Folk taldearen eskutik.

AZAROAK 14, ON MARTIN

  • ​​​16:30ean, familientzako tailerrak.
  • ​​​18:00etatik aurrera, taloak denontzat.
  • ​​​19:00etan, Andasto dantza taldearen saioa.
  • ​​​20:00etan, Hektor Folk eta Valdesen emanaldia.

AZAROAK 15, MARTZAA AUZOAN

  • 11:00, Kalejira Axpetik Martzaara.
  • 11:30, Meza. Ostean, luntxa. Ondoren, kalejiran itzuliko dira Axpera.
  • 14:30, Bazkari herrikoia Atx-Azpi elkartean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!