Atxondoko Udalak 2026ra begirako ordenantza fiskalak onartu ditu

Joseba Derteano 2025eko azaroaren 7a

Oro har, zerbitzuen prestazioagatiko tasek %2ko igoera izango dute eta zergak izoztu egingo dira.

Atxondoko Udalak ez ohiko bilkura egin zuen atzo 2026ra begira ordenantza fiskalak onartzeko. Oro har, zerbitzuen prestazioagatiko tasak %2 igoko dira, Kontsumo Prezioen Indizearen(KPI) igoerara egokitzeko; zergak, berriz, izoztu egingo dira, udalak ohar batean jakinarazi duenez.

Urteetan berrikusi gabe zeuden zenbait tasaren eguneratzea ere jaso da. Horien artean dago hilerriko ehorzketa eta desehorzketa tasa. "Kasu horretan, udal zerbitzuaren kostu erreala eta herritarrei aplikatzen zaien tarifa parekatzeko egokitzapena egin da, udalaren kontu-oreka bermatzeko helburuarekin", azaldu dute.

Bestalde, udal eraikinetan sartzeko sistema elektroniko berria martxan jarriko da. Etorkizunean, erabiltzaileek sarbide-txartel edo giltza elektroniko baten bidez izango dute eraikin hauetara sartzeko aukera, hala nola udaletxera, ludotekara edo udal ortura. Giltza horrek zortzi euroko kostu bakarra izango du, eta behin eskuratuta, mugarik gabe erabil daiteke inolako ordainketa gehigarririk gabe, udaletik azaldu dutenez. 

Bono berria jubilatuentzat

Gainera, igerilekuaren udako bonuari dagokionez, lerro berri bat sortu da jubilatu eta pentsionistentzat. Orain arte, talde horrek 18 urtetik gorakoen prezio bera ordaintzen zuen; baina datorren udan %40ko beherapena aplikatuko da. Horrela, 31 euroko bonua ordainduko dute, hau da, 18 urtetik beherakoek ordaintzen duten prezio bera. "Neurriaren bidez, udalak adinekoen aisialdia eta ongizatea sustatu nahi ditu", azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!